Ritxi AIZPURU
Musika argitaratzailea

Musikaren fentaniloak

Ez dut datu estatistikorik, baina agian folk musikariek izan dute harremanik txikiena aisialdiko drogekin. Nazioarteko jazz, klasiko eta, batez ere, rock musikari ospetsu asko “drogazaleak” eta kontsumitzaileak izan dira. Musikaren historiari begirada lausoena emanda ikusiko ditugu hamaika adibide, heriotza andana. Aisialdirako drogen erabilera mendeetan kudeatu du “herri xumeak”. 1960ko hamarkadatik aurrera droga eta rocka bikote izan dira.

Fentanilo drogaren lehen berria Princeren heriotzak ekarri zidan, 2016an. “Kolokatzeko” erabili diren drogek askotan pasatu dute faktura. Gorputza deskolokatu eta desanimatu egiten dute. Nola aldendu antsietatea?

Drogak ez dira beti ilegalak izan. Medikuntza ofizialak droga kimiko eta sintetiko asko darabiltza legez, “gaixoa”, ustez, gaitzetik askatzeko. Zaintza aringarrietan biziagotu egiten dute gaixoaren heriotza. Medikuntza ofizialak oso arin erabili du fentaniloa gaixoetan, nahiz eta jakin horrek gaixo asko jonki bihurtuko dituela. Baina medikuntza ofizialari bost axola dio. Abstinentzia-sindromeak erraztuko du droga gehiago kontsumitzea, legezko edo ez. Medikuntza ofizialak droga-beharrak jota egotera behartzen du. NAIZ-GARAk Mikel Kazalisi eginiko elkarrizketa gardena argitaratu zuen. Medikuntza ofizialak jonki bilakarazi zuen fentaniloarekin; gero alkohola erruz edan zuen. Higienismoa bultzatzen duen Zuhaizpe osasun-etxeak lagundu dio. Fentaniloa ez da ona, eta hortik aldentzea lortu du Kazalisek. Bejondeiola.