Joseba Barriola
KOLABORAZIOA

Lynn Margulisen Euskal Herriko bira

Datorren astelehenean, urriaren 18an, 19.00etan, Lynn Margulis, zientzialari jeniala, omendua eta gogoratua izango da Iruñeko Katakraken. Ekitaldi horrekin hasiera emango zaio hitzaldi-birari (Gasteiz, Martin Ugalde Kultura Parkea, Bilbo). Antolatzailea EHUko Ekopol, ikerketa taldea.

Lynn Margulis orain dela hamar urte zendu zen, 2011ko azaroan, gizadiarentzat ekarpen zientifiko funtsezkoak landuta utzirik: Lur planetan bizitzak izan duen eboluzioaren ikuspegi berri bat eta James Lovelock-ekin batera formulatutako Gaia hipotesia.

Duela 3.000 milioi urte, lehen mikroorganismo bizietatik hasi (bakterioak) eta gure egunetara arte, sinbiosia, kooperazioa, elkarrekiko laguntza (eta ez, lehiakortasuna eta existentziaren aldeko borroka, Darwinek planteatzen zuen modura) izan da giltzarria azaltzeko bizitzaren sorkuntza eta ondorengo eboluzioa eta garapena (espezie berrien sorrera, aniztasun biologikoaren hedapena, organismo bizi berrien konplexutasun gero eta handiagoa...). Darwinek idatzitako liburu ospetsuaren izenburu osoa hauxe da: “Espezieen jatorria hautespen naturalaren bidez, edota arraza hoberenen iraupena existentziaren aldeko borrokan”. Lynn Margulis-ek bere liburua izenburu honekin argitaratu zuen: “Planeta Sinbiotikoa, eboluzioari buruzko ikuspegi berri bat”. Bere hitzak hartuz: «Bizitzak ez zuen planeta konkistatu borrokaren bidez, kooperazioari esker baizik. Bizitza-formak biderkatu ziren eta konplexuagoak egin ziren elkarrekin bat eginez, eta ez elkar hilez».

Bestalde, bizitzaren eboluzioa eta garapena izan da Gaia-ren konstituziorako oinarrizko zutabeetako bat. Hau da, atmosferak, itsasoak eta lurrak lotzen dituen harreman sarea, bioesfera, Gaia deituak eskaintzen du eta bermatzen ditu bizitzaren mantenurako eta garapenerako baldintza egokiak (atmosferan dagoen oxigeno eta nitrogenoaren proportzioa, klima, itsasoetako ph-a, lurrazala egokitua bizitzak erroak bota ditzan...) Bizitza diogunean, noski, landare eta animaliei buruz ari gara eta horien artean giza abereaz, ahaztu gabe ezinbestekoak diren mikroorganismoak (bakterioak), onddoak, algak eta likenak. Hasiera batean Gaia Hipotesia zena, gaur egun jada Gaia Teoria da.

Bi auzi horiek bete-betean harrapatzen dituzte gizadian gaur egun funtsezkoak diren bi gai. Alde batetik, ezbaian jartzen du darwinismoa eta neodarwinismoa, teorikoki ez askia dela frogaturik, eta, gainera, interes gaiztoz erruz erabilia kapitala, patriarkatua, arrazakeria eta naturarekiko Homo sapiens-ak praktikatzen duen harrokeria justifikatzeko. Eta bestetik, Gaia Teoriak jopuntuan ditu jadanik abian dagoen kolapso ekosozialaren arazo guztiz larriak (aniztasun biologiko eta linguistikoa, aldaketa klimatikoa, baliabideen agortzea, kutsadura orokortua, birziklapena...).

Lynn Margulis ikasle errebeldea izan zen mota askotako ortodoxien aurrean, ezkondua bai baina lan domestikoaren esklabotza onartu gabe, azken urteetan Emily Dickinson poeta handia bizi izan zen etxearen ondoan bizi izan zen eta bazkaria egitea tokatzen zitzaionean ahots ozenez errezitatzen zituen buruz zekizkien poetisaren poemak.

Doris Saganek, zientzialari eta Carl Sagan astrofisikari ospetsuaren eta Lynn Margulisen semeak, bere amaren omenez argitaraturiko liburu batean esaten zuen: «Ez zioten merezi zuen Nobel saria eman», eta bere amari buruz azpimarratzen zuen: «Adinez aurrera zihoan neurrian zoriontsua izateko ahalmen gero eta handiagoa erakusten zuen».