GARA
DONOSTIA

N-I eta A-15 autobideetan kamioiei kobratzeari utziko dio Gipuzkoak

N-I eta A-15 autobideetan kamioiei bidesaria kobratzeari utziko dio Gipuzkoako Aldundiak bihartik aurrera. Izan ere, egun ezarritako sistema indargabetzen duen EAEko Auzitegi Nagusiaren maiatzeko epaia jaso du Aldundiak eta biharko agerkari ofizialean argitaratuko du. Ondorioz, Aintzane Oiarbide Gipuzkoako Azpiegitura arloko diputatuak aurreratu bezala, epaia jasotzerakoan bidesaria kobratzeari utziko diote.

Dena den, kamioientzako bidesariak ez dira betiko desagertuko. Izan ere, Aldundiak hirugarren arau bat prest du jada orain artean epaitegiek indargabetu dituzten biak ordezkatzeko. Uneotan, Batzar Nagusietan aztertzen ari dira arau berria eta 2022. urte amaierarako onartuko dutela espero dute Diputazioko arduradunek. Gauzak horrela, datorren urte amaierarako kamioientzako bidesariak berriz indarrean egotea espero du Aldundiak, behin beharrezkoa den tresneria berria jarri ondoren.

Oiarbidek azaldutakoaren arabera, arau berriarekin kamioientzako bidesaria A-15 eta N-I autobideetako Gipuzkoako tarte osoan ezarriko da, ez orain bezala hiru puntu jakinetan (Etzegarate, Andoain eta Astigarraga). Horretarako, arku gehiago jarriko dituzte Itsasondon, Tolosan, Lasarten eta A-15 autobideko Oindolar tunelaren inguruan. 109 gailu txiki ere jarriko dituzte bi autobideetan sartzen diren kamioi guztiak kontrolatzeko. Kilometroko tarifa aurreko arauetako bera izango da (0,22 euro kamioi txikientzako eta 0,28 euro handientzako). Hori bai, bidesaria kilometro gehiagotan ezarriko denez, Aldundiak bildutako diru kopurua hirukoiztea espero du.