Antton Elorza
KOLABORAZIOA

Zertarako euskal estatutu berri bat?

Urte politikoari hasiera eman dion Politika Orokorrari buruzko Osoko Bilkuran, Iñigo Urkullu lehendakariak defendatu du legegintzaldi honetan Eusko Ganberak «adostasun sendoa» bilatu beharko duela Euskadiren eta Espainiaren arteko harremana eguneratuko duen estatutu berri bat adosteko.

Lehendakari izendatu baino hilabete batzuk lehenago, 2012ko kanpainaurrean, «2015. urterako» estatus politiko berri bat onartzeko konpromisoa hartu zuen Iñigo Urkulluk. Urte hartan, estatus berriari buruzko kontsulta egitea ere agindu zuen, baina gaur egun oraindik ez dira ez bata ez bestea bete. 2016ko hauteskunde autonomikoetan, erabakitzeko eskubidea jasotzen zuen estatutu bat hitzeman zuen. Autogobernuaren Ponentzian EH Bilduk eta EAJk akordio historikoa lortu zuten, Estatuarekin berdinen arteko harremana aintzat hartuz, kontsultak edo erreferendumak egiteko aukera ere barne zelarik. Badirudi, ordea, orain zuzendu egiten dela, aldarrikapen batzuk baztertuz eta kidez aldatuz (PSOE eta Podemos).

Kontuan hartuta Espainiako Konstituzioaren artikulu jakin batzuek autonomia erkidegoetako parlamentuek onartutako estatutuak errefusatzeko aukera jasotzen dutela, uler daiteke EAJren jarrera aldaketa. Horren adibide ditugu Espainiako Gorteak emandako ezezko borobila Ibarretxek aurkeztutako estatutuari eta baita ere Kataluniako estatutua Konstituzio Auzitegiak ilegaltzat hartu izana. Baina, orduan, esperientzia horiek aldez aurretik ezagututa, zer helbururekin iritsi ziren EH Bildurekin egindako lehen akordio horretara? Eta orain, zer aurrerapauso lortu nahi dituzte kide berriekin?

Nahiz eta akordioak lortu PSOErekin eta Podemosekin Euskadi mailan, litekeena da estatutu berrian sartu daitezken hobekuntzak pribilegio bezala ulertzea gainerako autonomia erkidegoek, eta, ondorioz, ez onartzea. Zergatik onartuko zituzten, bada? Euskaldunen eskubide historikoengatik? Espainian nori axola zaizkio eskubide horiek? Lehen, mehatxu bat zegoen euskaldunen aldarrikapenetan amore ematera bultzatzen zituena, baina orain mehatxu hori ez dagoela, zergatik izango dira hain eskuzabalak? Gobernua ahul dagoelako eta berari laguntzeagatik? Noiz arte? Eta estatus hobea lortzeko aukera gutxi badaude, zertara dator hainbesteko zalaparta? Eta beste galdera bat gehiago: subiranotasun maila handiagoa lortu nahi dutenek, egunen batean lortuko al dute? Galdetu katalanei.