GARA
BILBO

Hondakinak %30 murriztu nahi ditu Lakuak 2030. urterako

Gobernu Kontseiluak atzo onartu zuen 2030erako Hondakinak Prebenitzeko eta Kudeatzeko Planaren arabera, EAEn datozen hamar urteetan sortutako hondakin kopurua %30 murriztu nahi du Lakuak. Hondakin ez-arriskutsuen %85 berrerabiltzea ere jartzen du helburu egitasmoak. Guztira 97 milioi euro inbertsio aurreikusten ditu planak.

«Lakuak EAEn datozen hamar urteetan sortzen diren hondakinak %30 murriztu nahi ditu, eta ez-arriskutsutzat jotzen direnen %85 berrerabili, bigarren mailako material bihurtuta». Horiek dira Gobernu Kontseiluak atzo onartu zuen 2030erako Hondakinak Prebenitzeko eta Kudeatzeko Planean jasotako helburuetako batzuk. Plan horrek 97 milioi euroko inbertsioarekin gauzatuko diren hainbat ekintza ezartzen ditu.

Arantxa Tapia Lakuako Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumeneko sailburuak azaldu zuenez, planean ezarritako helburuetako bat «isurketak hondakinen amaierarako aukera gisa minimizatzea» da. Emandako zifren arabera, Araban, Gipuzkoan eta Bizkaian 2018an 6.089.377 tona hondakin sortu ziren, 2010ean baino %4 gutxiago. Horietatik erdiak baino gehiago (%55) hondakin ez-arriskutsuak, %20 eraikuntza eta eraispen arlokoak, %20 udalenak eta %5 arriskutsuak.

Hondakin horien %1 baino gutxiago prestatu ziren berrerabiltzeko, %57 birziklatu egin ziren, %6 energiara bideratu eta %37 deuseztatzeko prestatu ziren, zabortegietan batez ere. Planak euskal ekonomiak hurrengo hamarkadan izango dituen isurketa-beharrak jasotzen ditu, eta honako hau adierazten du: «Zaldibarko ezbeharraren ondoren, eta Mutiloako eta Larrabetzuko zabortegiak itxi ondoren, hondakin ez-arriskutsuen edukiera 4.000.000 metro kubikokoa izango da hurrengo hamarkadarako jardunean dauden hamar zabortegietan». Hala ere, aurreikuspenen arabera, «2030era arte 7.500.000 metro kubiko isuri beharko dira», dio Lakuak.

Hori dela-eta, hondakinen isurketa pixkanaka murriztea planteatzen da, egungo %37tik %15era heltzeko 2030ean. Planari esker abian jarriko diren ekintzen artean, Tapiak aurreratu zuen hondakinen «isurketa eta errausketa kanona» aktibatuko dela, «hondakin bat isurtzea birziklatzea baino merkeagoa ezin dela izan premisatzat hartuta». Gainera, ikuskapenak eta zehapenak areagotu egingo dira, hondakinak kudeatzeko instalazioak egokiak direla bermatzeko. Hondakinak biltegiratzeko «irtenbide publiko-pribatu bat» garatuko dela ere adierazi zuen.

Bergarako planta

Tapiak nabarmendu zuenez, Valogreene Paper BC SL enpresak «onespen guztiak» ditu Bergaran hondakinak kudeatzeko planta bat jartzeko, oraindik ingurumen txostenik ez badu ere. Udalaren «kezkak» ulertzen dituztela ere adierazi zuen. Kontuan izan behar da Udala kexu agertu dela Lakuak eta enpresak osasun eta ingurumen bermerik aurkeztu ez dutelako. «Beharrezkoa den guztia argitzeko» prest azaldu da Lakua.