D.L

Ultraeskuinaren iritsierak Suediako politika aztoratu du

Suediak azken hamarkadetako krisialdi politikorik larriena bizi du eta horren aiderazle da iragan astean bizi izan zen pasadizo bitxia. Lehen ministro berriak kargua utzi zuen ordu batzuetara. Ultraeskuina iritsi denetik matematika parlamentarioa ia ezinezkoa da.

Aurreko asteazkena historikoa izan zen Suedian, zentzu bikoitzean. Alde batetik, emakume bat, Magdalena Andersson, gobernuburu bilakatu zen lehen aldiz Eskandinaviako herrialdean. Baina, bestetik, ordu batzuetara, eta kargua hartu baino lehen, amore eman behar izan zuen, Parlamentuak eskuinaren aurrekontuak onartu ondoren. Nola da posible? Alderdi Berdeak, sortzear zegoen gobernu koalizioaren kideak, ez zituen babestu lehen ministroak aurkeztu zituen kontuak.

Aurrekaririk gabeko egoera bitxia, beraz.

Izan ere, gaur bertan, astelehenean, Parlamentuak lehen ministro izendatuko du ziurrenik berriro ere Andersson, ekologisten babesa mantentzen duelako.

Suediako historian «egunik xelebreenaren» biharamunean errieta egin zien gogor Parlamentuaren presidenteak Berdeei, herrialdean politikak eta alderdiek jasan dituzten kalteen erantzukizuna egotziz.

Ekologistek, ordea, Zentroko Alderdiari bota diote errua. Gobernukide honek ere aurrekontuak ez zituen babestu, Ezkerreko Alderdiaren abstentzioaren trukean Anderssonek gai batzuetan amore eman omen zuelako.

Ultraeskuinaren iritsiera

Suediak bizi zuen kaos politikoaren oinarriak ezagutzeko 2010era atzera egin behar dugu. Urte hartan Parlamentura iritsi zen Suediako Demokratak (sic) alderdia, talde nazi baten baitan sortu zena. Egun ez du Hitlerren aroa aldarrikatzen baina erabat xenofoboa izaten jarraitzen du.

Ez da azken urteetan Eskandinavian sortu den ultraeskuineko alderdi bakarra. Hor daude Danimarkako Alderdi Popularra, Aurrerapenaren (sic) Alderdia Norvegian eta Benetako Finlandiarrak. Horiek guztiek gobernuetan parte hartu dute edo gobernuak babestu dituzte eta gainerako alderdiek onartu egiten dituzte, arrazistak eta etorkinen aurkakoak badira ere.

Hamarkada luzeetan eskaini izan duen asilo politika oparoagatik ezaguna den Suedian, alderdiek “osasun-hesia” eraiki zuten Suediako Demokraten (SD) inguruan. Hala ere, honek gero eta boto gehiago eskuratu ditu. 2014an hirugarren indar politikoa bilakatu zen eta 2018an %17,6 lortu zuen.

Horrela, bada, Stefan Löfven sozialdemokratak osatu zuen koalizio gorri-berdeak agintzen du 2014tik, nahiz eta gutxiengoan den. Izan ere, azken bi hauteskundeetan zentro-eskuinak (moderatuak, zentrokoak, demokristauak eta liberalak) lortu du gehiengoa.

Löfvenek blokeen politika hautsi eta zentrokoen eta liberalen babesa lortu zuen, baina ezker sozialistaren bozak ere behar zituen kontuak ateratzeko. Hauek zein besteek ezin dute elkar ikusi ere egin.

Oreka nolabait mantendu zen duela hilabete gutxira arte, Ezkerreko Alderdiaren buruzagi berriak, Nooshi Dadgostarrek, bere babesa doan ez zuela emango ohartarazi baitzuen.

Zentroko Alderdiak bultzatu zuen Alokairu Legearen murrizketak sozialistak haserrearazi zituen eta zentsura mozioa aurkeztu zuten Löfvenen aurka. Handik bi astera, erreforma bertan behera utzi ondoren agintari sozialdemokrata kargura itzuli zen. Löfvenek, baina, kargu guztiak utzi zituen abuztuan, datorren urteko iraileko hauteskundeei begira. Hala ere, egoera ez da baretu, Andersson bere ondorengoari gertatutakoak agerian utzi duenez.

Bitartean, SDren inguruko hesia hausten hasi da eta kontserbadoreak eta demokristauak hasi dira ultraeskuinarekin hitz egiten aurrekontuak negoziatu ahal izateko.

«Dagoeneko barruan gaude eta atzetik bada ere agintzen dugu. Egiten ari garena benetan esanguratsua da», aldarrikatu du SDren buruzagiak, Jimmie Akessonek.

Inkesten arabera, Akessoni puntu bateko aldea baino ez dio ateratzen Ulf Kristersson kontserbadoreen buruak. Beraz, gauzak ez omen dira ia ezer aldatuko 2022ko hauteskundeen ondoren.