Amatasunen erraietan arakatu dute Estitxu Fernandezek eta Erika Lagomak

Ez dago amatasun bakar bat. Ama bakoitza da mundu bat, eta hamaika mundu dira horietako bakoitza. Argiak. Itzalak. Kontraesanak. Tene Mujika bekari esker idatzi dute Estitxu Fernandezek eta Erika Lagomak “M ama eme ume” (Elkar), bizipenetan oinarritutako liburua.
Edukia hamahiru narrazio dira, hamaika ama eta bi aitarenak. Luze eta sakon landu diren elkarrizketak daude atzean. Eztabaida plazara ateratzea du xede, hausnarketara bultzatzea eta partekatzea. Amei ahotsa ematea, amei entzutea. Baina zertarako eta zergatik?
«Amatasunaren eta feminismoaren arteko harremana izan da hagitz gatazkatsua urtetan. Gure amonek eta amek bizi izan zuten, eta oraindik ere batzuetan amatasuna bizi dugu patu natural bezala, derrigortuta gaudela izatera bertze ezer ez bagina bezala. Baina Adrienne Richek ongi adierazten duen bezala, amatasunaren instituzioa da emakumea zapaltzen duena, eta ez amatasunaren bizipenak», esan zuen Fernandezek.
Egileek soka horretatik tira egin nahi izan dute. «Badirudi bateraezinak direla amatasuna eta garapen pertsonala, eta hor errotu gara, feminismoa ere bai. Uste dugu heldu dela garaia galdetzeko nolako amatasunak eraiki nahi ditugun. Eta zein amatasun izan daitezkeen benetan bizigarriak», segitu zuen.
Erditu direnak, ez direnak, ama ez izatea hautatu dutenak, ama bakarrak, banatu direnak, adopzio bidezkoak, amonak, etorkinak, lesbianak, amatasuna eta eritasuna bizi dutenak, indarkeria matxista, indarkeria obstetrikoa… idazleentzat zaila izan da ertzetako amatasunez gaindi, eguneroko amak ere biltzea. «Hipotesia zen, eta ondorioztatu dugu amatasuna bera dagoela ertzean. Eta horren barruan ertz gehiago daudela», esan zuten egileek.
Galdera «potoloak» sortu dira prozesuan. Zer da bizitza? «Erantzunak topatzeko ezin zaie ez ikusiarena egin bizitza ematen duten gorputzei, ezta bizitzaren hastapenari berari ere», adierazi zuen Lagomak.

La marcha de Tubilla destapa la enorme marejada en las filas del PNV

Grandes corporaciones han acogido a agentes de las «cloacas del Estado»

Ordenaron parar citas con casos de Iztieta y hubo peticiones de silencio

De la lucha anti-ETA a la UCO, un camino muy transitado
