GARA
BILBO

Indarrak batu dituzte Bizkaiko Metaleko langileek

Bizkaiko Metalgintzako negoziazio-mahaiaren zazpigarren bileran, ordezkaritza duten sindikatuek plataforma bateratu bat erregistratu zuten, hitzarmen «duin» baten alde eta patronalaren blokeoa gainditzeko.

Bizkaiko Metalgintzako langileen negoziazio-mahaiaren lau sindikatuek plataforma bateratu bat aurkeztu zuten atzo, «hitzarmen duin baten alde borrokatzeko», LABek jakinarazi zuenez. Negoziazio-mahaiaren zazpigarren bileran, sindikatuak salatu zuen elkarrizketa hasi zenetik Metalgintzako Enpresen Bizkaiko Federazioak (FVEM) prozesua «moteldu eta blokeatu» besterik ez duela egin. Plataforma berri honen helburuak dira patronalaren aitzakiak «desmuntatzea» eta «immobilismo eredutik ateratzea».

LAB sindikatuak azaldu zuenaren arabera, aurkeztutako plataformak hamar puntu biltzen ditu: KPItik gorako soldata-igoerak, Gutxieneko Bermearen artikulua egokitzea eta %100era igotzea, lanaldia murriztea, jarduera guztietarako subrogazioa, ABLEak mugatzea, malgutasuna mugatzea, telelana arautzea, ordaindutako lizentziak egokitzea, berdintasunaren aldeko neurriak eta sektoreko amiantoaren arazoari aurre egiteko neurriak.

Bide batez, plataforma bateratuaren erregistroari erantzuteko epe bat eman zioten patronalari. Hala, FVEMek negoziazioa blokeatuz eta lan-baldintzak hobetzeari uko eginez erantzuten badu, LABek «argi» du bidea «sindikatu guztien aliantzak, aktibazioa eta borroka» izango dela. «Gaur lehen urratsa egin dugu plataforma bateratu bat aurkeztuz eta sektoreko sindikatu guztiak mobilizatuz. Bai mahaian ordezkaritza dugunok, bai ez daudenak. Patronalak positiboki erantzuten ez badu, LABek argi du aukera bakarra sektorearen borrokarena eta greba-deialdiarena dela», zehaztu zuten sindikatutik.