IGARA
IRUÑEA

Gamesaren etorkizuna Munichen erabakitzeak kezka eragin du

Aldentzen joan da pixkanaka Gamesa Euskal Herritik eta, Siemens Energyk egin berri duen eskaintzaren arabera, erabakiak Alemanian hartuko dira laster. Etorkizunaren inguruko kezka eragin du langileen artean. Lakuak, oraingoz, xehetasunik ez duela adierazi zuen eta CCOO, UGT eta ELAko sindikatuek zuzendaritzarekin bilera eskatu dute.

Siemens Energyk datorren irailaren erdialderako aurreikusten du Siemens Gamesan kontrolatzen ez duen %32,9aren erosketa eskaintza modu formalean abiaraztea. Behin eginda, lau eta bost aste arteko epea egongo da onartzeko eta, horren ondoren, urrian, transakzioaren emaitzak aurkeztuko dira.

Europa Pressek aipatutako Lakuako iturrien arabera, Siemens Energyko zuzendariak harremanetan daude Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailarekin, bilera «lehenbailehen» egitea nahi baitu. Ziurrenik, Siemens Energyko zuzendariek Lakuara eramango dituzte Zamudioko lantegiari buruzko asmoak, baina oraindik ez dituzte xehetasunak ezagutzen.

Mikel Irastorza, Siemens-Gamesaren Asteasuko langile batzordeko kidea, NAIZ Irratian izan zen atzo eta «oso kezkatuta» agertu zen. «Halako kasuetan lehen hitzak lasaitzekoak izaten dira baina lehen ere ikusi genuen, Siemens eta Gamesaren arteko fusioa izan zenean kontrakoa esan arren 300 lanpostu galdu zirela».

Lurreko eolikoen arloan bizi diren zailtasunen berri badute langileek ere, «lurreko eolikoak nahiko eskas doaz eta itsasokoak ondo». Erabakiguneak aldentzeak arazoari irtenbide oker bat ematea eragin dezakeela uste du Irastorzak. «Une honetan egoitza Zamudion egon arren zuzendaritza Madrilen dago eta aurrerantzean ez Zamudion ez Madrilen, erabakiak Munichen hartuko dira».

Asteasuko lantegiko langileen ordezkariak susmoak agertu zituen. «Uste dugu enpresa saldu edo funtsen baten eskuetan utzi asmo dutela, lehen ere egin baitituzte halakoak». Era berean, Lakuako Gobernuak hasieratik «jarrera nahiko lotsagarria» izan duela dio Irastorzak. Gamesa diru publikoz sortu zela ekarri zuen gogora eta Siemens eta Gamesaren arteko fusioa «oso positiboa» zela adierazi zuela bere garaian Arantxa Tapiak.

Bilera eskaera

CCOO, UGT eta ELAko sindikatuek zuzendaritzarekin bilera eskatu zuten, «plana zein den ezagutzeko». Mitxel Lakuntza ELAko idazkari nagusia ere «oso kezkatuta» agertu zen Radio Euskadin eta Lakuaren aurka egin zuen «herrialde honetan estrategikoak diren enpresa batzuk» ez sendotzeagatik eta «kapital handiagoa duten beste batzuk enpresekin negozioa egiten uzteagatik». Gainera, Exekutiboari «utzikeria eta ekintza falta» leporatu zizkion-

Itxaso Atutxa EAJren BBBko presidenteak, bere aldetik, «gardentasuna» eskatu zion Siemens Energyri.

Arnaldo Otegi EH Bilduko koordinatzaileak EAEk «arlo ekonomiko askotan» lidergoa galdu duela nahiko agerikoa» dela adierazi zuen, eta Siemens Energyk Gamesaren %100 erosi izanak erakusten duela «gure sare industrialean genuen lehiakortasuna galtzeaz gain, jabetza ere galtzen ari garela».