Iker GURRUTXAGA
DONOSTIA
Entrevue
ANDONI BASTERRETXEA
DELIRIUM TREMENS-EKO GITARRA-JOTZAILE ETA ABESLARIA

«Gure soinua beti izan da berezia; ez dut esango bakarra, baina bai berezia»

Hiru hamarkada luzeko etenaldiaren ostetik aurkeztu zituen Mutrikuko taldeak, maiatzaren hasieran, “Hordago” lan berria. Andoni Basterretxea NAIZ Irratiko “MusikHaria” saioan izan da, isiluneaz nahiz berriz piztutako musikaz hitz egiten.

Aspaldi ikusi ez duzun horri egiten zaizkion ohiko galderekin irekitzen du Delirium Tremensek azken lana, “Hordago”. Denbora luze baten ostean, bueltan da Mutrikuko taldea disko berriarekin eta gainean dute BECeko hitzordua ere.

Kaixo, Andoni. Zer moduz zaude?

Ongi, denbora pasatzeko gogoz, oholtzara igo, jaitsi eta mozkortzeko.

«Aspaldiko» diozue disko berria zabaltzen duen «Hola, tio!» kantan. Auto-erreferentziak entzun daitezke, nahiz eta akaso ez diren errealak.

Ez dira errealak, ez, baina askorentzat izaten dira. Gertatzen da, sarritan, urteak aurrera doazela eta lagun batekin topatzen zarenean, galdera batzuk egitea nahikoa arriskutsua izaten dela. Badaezpada, poliki-poliki galdetuta hobe izaten da.

Denbora luzea pasatu da zuen kasuan ere. Musikara itzultzeko harra lehendik piztua zen edo Iñigo Muguruzari egindako omenaldiak jarri zuen dena martxan?

Nire kasuan ez da sekula galdu musikarekiko har hori, baina sekula ere ez dut pauso bat aurrera eman zerbait egiteko. Baina, kasu honetan, beste bati piztu zitzaion harra, eman zigun su eta aurrera egin dugu.

Zergatik aurrerapausorik ez eman izana? Delirium Tremensen eragina eta arrastoa handiak izan zirelako?

Hori bazegoen, jakina, baina baita alferkeria ere. Eta bizitzako beste hainbat faktore ere bai. Baina, besterik gabe, ez diot buelta gehiagorik eman horri.

Sare sozialetan eta egin dituzuen agerpen horietan argi utzi duzu, gainera, hasierako instrumentazio berbera erabili duzula.

Bai. Bukatutakoan beti gordetzen dira gitarra, anplifikadorea eta beste gauza batzuk. Nahiz eta ez erabili, ez zait sekula ere burutik pasatu gauza horiek saltzea. Gitarra, ohe azpian gordeta egon zen literalki. Uste nuen egun pare batean bukatuko zela guztia, baina ez.

Gitarrari hautsa kenduko zenion tartean behin, hala ere.

Ez, gutxitan: elektrikoa, behin ere ez, eta klasikoa, oso gutxitan. Azken urteetan, batez ere, ukelelea erabiltzen nuen. Hori ezagutu nuen eta, oso eramangarria denez, kotxean-eta alde guztietara eraman nezakeen. Soinu berezia du, kanta batzuk ongi geratzen dira eta dibertigarria da. Hortaz, ukeleleari, bai, ematen nion, baina gitarra baztertuta neukan ohe azpian.

Deliriumen klasikorik ukelelearekin jo izan duzu?

Bat jo daiteke ukelelearekin ganoraz: “Laino ilunak”. Beste guztiak konplikatuagoak dira.

Eta ingurukoei erakutsi diezu bertsio hori?

Behin bakarrik. Duela bi urte Txalainak taldekoek Mutrikuko hondartzako txiringitoan eman zuten kontzertura gonbidatu ninduten eta banuen Hertzainaken kantaren bat ukelelearekin jotzeko gogoa. Aukera aprobetxatuz, “Laino ilunak” ere jo nuen, Hertzainaken bizpahiru abestirekin batera.

Iñigo Muguruzari egindako omenaldirako elkartu zineten. Baina egunerokotasunera, lokalera, noiz pasatu zineten?

Esan dizudan moduan, 2020ko urtarrilean edo otsailean esan genuen aurrera egingo genuela. Gero itxialdia etorri zen eta udara arte geldirik egon zen guztia. Uda ostean martxa hartu genuen eta lokala prestatu eta entseatzen urria-azaro partean hasi ginen.

Eta Haritz Harreguy zein momentutan batu zen taldera?

Diskoa bi zatitan egitea erabaki genuen: lehendabizi pare bat kanta grabatu, bideoklip bat egin eta, neguan, beste sei kanta grabatu, disko luzea osatu eta ateratzeko. Bidean gertatu zen, Maukaren bitartez, Haritz Harreguy ezagutu genuela, teknikari moduan. Harengana joan, materiala eraman, hitz egin eta dena oso ondo joan zen bi kanta horiek grabatu genituenean. Oso harreman ona sortu zen.

Teknologia berrien laguntzarekin, Mutrikun ideiak grabatzen genituen: hari bidali, haren iritziak jaso, astean behin estudiora joan eta errepaso bat eman eta, egun batez, gauza bat bidali zigunean, Juantxo bateria-jotzailea eta biok elkarri begira esan genuen: ‘Uste dut gauza bera pentsatzen ari garela, ezta?’. Egun batez esan genion bidaltzen ziguna oso ondo zegoela, baina hirukotetik irten egiten zela eta bi aukera zeudela hor: edo gauzak beste era batera moldatzea edo gitarra hartu eta gurekin jotzen hastea. Hala, baietza eman zigun egun batetik bestera. Iñigorena ere horrela gertatu zen: gau batez sekulako parranda egin genuen elkarrekin eta hurrengo egunean taldekoa zen.

«Ibai gar» kantak 90eko hamarkadako Delirium Tremens ekartzen digu gogora. Riff hori, jotzeko modua, soinu hori… Bada zuen ikur garrantzitsuenetako bat.

Gure soinua beti izan da berezia; ez dut esango bakarra, baina bai berezia. Hor ikusten da lehen unetik ez dugula aldatu soinua. Lehenengo momentutik eduki dugu raka-raka bat. Askok esan izan didate ia zer pedal erabili izan dudan, eta chorus bat da. Beti bera erabili dut, gainera.

Chorus ona atera da; hasierakoa bada, behintzat.

Pedala ez da hasierakoa: hura apurtu zen. Baina modelo eta marka berekoak dira. 

Soinu identifikagarria dela esan dugu. «Ordago» kantaren kasuan ere bai. Bada bitxikeria bat, hala ere, diskoaren izenburua «Hordago» baita...

Hanka-sartze bat da, besterik ez [barrez]. Hemendik aurrera, ordea, esango dut “Ordago” zenean hiru ginela eta “Hordago” bihurtutakoan lau garela taldean.

Zuon artean, isilik pasatu duzuen garai honetan guztian, harremana mantendu da? Estua izan da?

Zorionez, bai. Delirium ezin hobeto bukatu genuen, eta gero beti elkartzen ginen urtean behin, gutxienez, afari edo bazkari bat egiteko. Oraintxe ere zorioneko garela aipatu izan dugu Haritz topatu izanagatik, seku lako tipoa delako eta taldean daukagun harremana eta giroa oso onak direlako. 

Oholtzatik kanpora ibili zaren urteotan guztiotan, nola ikusi duzu kanpotik euskal musikaren panorama aldaketa?

Esan behar dut ez nagoela oso jarrita gai horretan, beti bezala: ez lehen eta ez orain. Baina aldaketa nabarmena da, girotik hasita. Kalean nabari da musikalki eta beste kontu askotan sekulako aldaketa dagoela gazteen aldetik. Lehen dena zen diskoak eskatzea, kaseteak grabatzea eta halakoak. Lehen Euskal Herrian kantautoreak ziren, gero rock & roll asko zegoen (nahi duzun etiketa jarri) eta orain euskaraz musika pila bat egiten da. Gaur egun edozer egiten da euskaraz, behar den bezala.

Lehen emanaldia Arantzan egin zenuten, pribatua edo ez, baina iragarri gabea.

Ez zen iragarri: uste dut egun bat lehenago abisatu zela. Arantza urrun dago, baina jende pila bat agertu zitekeen eta ez genuen hori nahi. Eta, hala ere, jende pila bat joan zen.

Gero etorri dira Ondarroa, Usurbil… Hau dena zer da? Txikitik handira, BECera begira pultsua hartzeko?

Errodajea egitea da kontua. Urte luzez jo gabe eta bat-batean plaza handi batera salto egitea, Haritzekin sekula jo gabe… Egin ditugu halako batzuk; Arrasateko Irati tabernan ere izan ginen, abisatu gabe. Tira... tabernakoak abisatuta zeuden. Baina ezustean harrapatu genituen eta sekulako giroa izan zen.

BECen, sarrera gehienak salduta… Nolakoak dira aurreko egunak?

Gu beste gauza batzuekin kezkatzen gara. Dena ondo prestatu, dena eman oholtzan eta jendea gustura gera dadila. Des-Kontrol eta McOnaken urteurrenekin ere festa handia izango dela dirudi; espero dezagun denok ondo ospatzea eta gogoangarria izan dadila.

Bukaerarako «Aio» kanta utzi dut. Esan duzu Haritzen ideia batetik abiatua dela. Nola sortu zen ideia?

Hori berari galdetu beste egun batez! Baina egun batez estudiora hurbildu zen eta kanta jarri zigun, ia zer iruditu zitzaigun galdetzeko. Gustatu zitzaigun eta tiraderatik ateratzeko esan genion!