Xabier IZAGA

Fina Garcia-Marruz joan da, bere poesia isila utzita

Josefina «Fina» Garcia Marruz poeta kubatarra astelehen arratsaldean hil zen Habanan, 99 urte zituela. Kuban bizirik zegoen poetarik handientzat joa, bere poemek sari ugari erakarri zizkioten.

Josefina «Fina» Garcia-Marruz.
Josefina «Fina» Garcia-Marruz. (WIKIMEDI | A)

“Fina” Garcia Marruz (Habana, 1923) poeta kubatarra isilik joan zen herenegun, bere isiltasunaren ederra utzita.

Bere lehen poemak 40ko hamarkadan argitaratu zituen, Orígenes taldeko kide zela, bere senar Cintio Vitier poeta bezala. 1961ean Gizarte Zientzietako doktoretza lortu eta harrezkero literatura ikerketari ekin zion. Saiakera eta literatura kritika arloetako lan ugari idatzi zituen, eta bere poemek literatura kubatar eta hispanoamerikarreko izenik handienetakoa bihurtu zuten. Hainbat hizkuntzatara itzuli dute haren poesia, eta sari asko jaso izan ditu.

Jose Marti «gure arrazako gizonik aratzena»-ren obra sakon aztertu zuen. Gaztetan Pablo Neruda ezagutu zuen, eta poeta txiletarra bezala, Sor Juana Ines de la Cruz ere miresten zuen; ez alferrik, espiritualtasuna eta hizkera jasoa Garcia Marruzen poesiaren bereizgarri dira. Saiakeran, berriz, prosa landua bazuen ere, xumea zen, baina jantzia.

Olerkari kubatarraren

elkarrizketa oso gutxi argitaratu dira, berak «isiltasunarekin komunikatzea» nahiago baitzuen: «Hura gabe, ez lirateke ez poesia, ez musika ez norbere buruarekiko elkartzerik izango». Izan ere, haren isiltasuna ez zen inondik inora gabezia; berak ere ez zuen halakotzat jotzen; aitzitik, baizik, “Cine mudo” (Zinema mutua) poeman esan zuenez: «No es que le falte/ el sonido,/ es que tiene/ el silencio» (Ez du soinua falta, isiltasuna du).