Idoia ERASO
BAIONA

Ikus-entzunezkoak laguntzeko lantaldea sortu da Ipar Euskal Herrian

Erakunde publiko ezberdinetako ordezkariak elkartu ziren atzo, Baionan, Ipar Euskal Herriko ikus-entzunezkoak sustatzeko osatu duten lantalde instituzionala ezagutarazteko, eta EHUk egingo duen azterketaren hitzarmena sinatzeko.

Lantaldea osatu duten erakundeetako ordezkariak.
Lantaldea osatu duten erakundeetako ordezkariak. (EEP)

Ipar Euskal Herrian, ikus-entzuneko eta zinema sektorearen goraldiaz jabetuta, horien garapena eta egituraketa laguntzeko lantalde instituzionala osatu dute Akitania Berria-EAE-Nafarroa euroeskualdeak, Akitania Berria Eskualdeak, Pirinio Atlantikoetako Departamenduak, Euskal Elkargoak, Euskal Kultur Erakundeak eta Euskararen Erakunde Publikoak. Sektorearen egoera ezagutzeko Euskal Herriko Unibertsitateak azterketa egiteko hitzarmena ere sinatu dute.

Baionako Euskararen Erakunde Publikoaren egoitzan egindako agerraldia erakundeko presidente eta Euskal Elkargoko Kultura eta Hizkuntza Politikarako presidenteorde Antton Curutcharryk gidatu zuen. Bertan izan ziren Mathieu Berge Eskualdeko kontseilaria, euroeskualdean Mugaz Gaindiko Lankidetza eta Portu eta Aireportuetako ordezkaria; Emmanuel Feulie Akitania Berriko Liburu, Zinema eta Ikus-entzunezkoen Agentziako zuzendaria; Maider Behoteguy Departamenduko Euskara, Elkarte bizia eta Laguntzailego Saileko kontseilaria; eta Inmaculada Arostegui Madariaga Euskal Herriko Unibertsitateko Ikerketa arloko errektoreordea.

Ekoiztetxeak sortzen eta sendotzen ari direla, proiektuen kopurua handitzen ari dela eta dirulaguntzak kausitzea lortzen dela nabarmendu zuen Curutcharryk, eta hori bereziki bi elementuren bitartez azal daitekeela gaineratu zuen.

Alde batetik, mugaz gaindiko ko-ekoizpenen garapena; horren harira, ALCA, Zineuskadi, EiTB eta Euroeskualdea aipatu zituen.

Proiektuak finantzatzeko bide berrien lorpenaz mintzatu zen bestalde, Kanalduderen inguruan osatzen dena. Telebista-kate digitalak 2017an Arcom erakunde publikoarekin izaera ofiziala ematen dion hitzarmena izenpetu zuen, zeinak hedapen eskubideak erosi ahal izatea ahalbidetzen dion. 2017an eta 2021ean Eskualdearekin hiru urteko baliabide hitzarmena sinatu zuen, lurraldeko sorkuntza eta ekoizpena sustatzeko diru kopurua zehazten duena.

Antolaketa garatzen

Behoteguyk sektorean euskararen eta mugaz gaindiko lanaren inguruan gertatzen ari den garapena nabarmendu zuen, eta ikus-entzunezkoek ondarea osatzen dutela gaineratu zuen.

Arostegui Madariaga: «Zinemak hizkuntza erabiltzen du, eta hizkuntza euskara denean lurralde bakarra da».

Bergek sektorean euroeskualdeak duen garrantziaz ohartarazi zuen, eta erakundeek eremu horretan 400.000 euroko dirulaguntzak banatu dituztela gogorarazi zuen. Euroeskualdearen eskutik, EAEko Kultura Saila, Zineuskadi, Nafarroako Gobernuko Kultura Saila, ALCA eta Akitania Berriko Kultura Sailaren kolaborazioarekin sortutako sari bat eta profesionalei zuzenduriko gida bat aipatu zituen. Azken lauzpabost urteetan sortu den «ekosistema» aberatsa ekarri zuen gogora, eta horren bidetik sortu den lantalde instituzional honen beharra.

Feuliek azterketaren garrantzia izan zuen hizpide, eta sektoreko eremu ezberdinak ezagutzeko izango duen balioa, non euskarazko proiektuak eta erdarazkoak, luzera ezberdinekoak, animaziozkoak... bilduko diren.

Arostegui Madariagak azterketa EHU eta Iparraldeko eragileen arteko elkarlan gero eta zabalagoaren baitan kokatzen dela erran zuen, eta lehen hitzarmen hau urtebeteko lanaren emaitza dela. «Zinemak hizkuntza erabiltzen du, eta hizkuntza euskara denean lurralde bakarra da; Ipar zein Hego Euskal Herriko zinemagintzak hori du amankomunean».