Ritxi AIZPURU
Musika argitaratzailea

Musikaren sentsazioak

Zer sentitu duzu agertokian kantatzen ari zinen bitartean? Gailurrean zaude. Abesten duzun bitartean hori da existitzen den gauza bakarra, eta agian une horretan ardurak eta buruhausteak desagertu egiten direla ere pentsa dezakezu. Musikariek bizitza guztia eman dezakete hori egiten, baina sentitutako sentsazio horien bila doaz behin eta berriro; hots, abesten duten bitartean ez dela besterik existitzen pentsatzera. Sentsazio bilaketak ez du gailurrik; egun bateko klimax horrek hurrengo kontzertuan sentsazio berberaren bila ateratzera eramaten ditu. Gailurra ezereza da. Beti dugu sentsazioa sentsazioen bila gabiltzala itsu-itsuan. Zoriontasuna? Baina bukaeran lortzen duguna gure bukaera da. Egun bateko zoriontasuna errepikatzera goazenean, esperantzaren amildegiarekin topo egin dezakegu...

Eta zer gerta daiteke ez bazaude gailurrean kantatzen ari zaren bitartean? Hamaika arazo xume edo larri badituzu buruan eta ezin badituzu kendu pentsamendutik? Ez badakizu zer egin hurrengo estrofaren azken lerroa ahantzi duzula konturatzen zarenean, baina, halako batean, txukun-txukun abesten duzuenean entzuleekin batera? Miraria dela pentsatuko duzu, abesteak on egiten dizula. Sentsazio horrek goragalea ekarri dizu, anpliaren atzera joan eta botaka parrastada jaurti ondoren, mikrora ailegatu zara une perfektuan azken leloa kantatzera. Noiz izango da hurrengo kontzertua berriro agertokiak ematen dizkizun sentsazioak bizitzeko? Mendekotasuna. Aurrekoan horrelako sentsazioak kontatu zizkidaten.