GARA
IRUÑEA

Lazaro Galarzaren errautsak Euskal Herrira itzuli dira

Galarzaren errautsen harrera, Noainen.
Galarzaren errautsen harrera, Noainen. (Jagoba MANTEROLA FOKU)

Lazaro Galarza euskal iheslari ohiaren errautsak Euskal Herrira itzuli ziren atzo. Uztailaren 16an jakinarazi zuten 67 urteko oderiztarra Mexikon garraio lanetan ari zela hil zela, zama gainera erorita. Sortu eta Etxerateko ordezkariak hurbildu ziren atzo Noaingo aireportura, senideei beren babesa eta doluminak agertzera.

Euskal Herrira behin betiko itzultzekotan zen Galarza. Azken urteotan dozenaka iheslarik egin duten bezala, pasa den apirilaren 16an Euskal Herrira itzuli zen dagoeneko oderiztarra, Iruñera hain zuzen ere, bere aurkako auzibide guztiak bertan behera geratuta zeudela egiaztatu ondoren. Bisita horren ostean Mexikora itzuli zen, bertan denbora bat eman baina berriz ere jaioterrira etortzeko asmoz. Istripu horren erruz ez du behin betiko etxera bizirik itzultzerik izan.

Lazaro Galarza 1994. urtetik bizi zen Mexikon, espainiar auzitegien jazarpenari iskin eginez. Bere garaian Morelian atxilotu eta Mexiko Hirian kartzelatu zuten, Auzitegi Nazionalak oderiztarraren estradizioa eskatu zuelako. Azkenean Mexikok ukatu egin zuen Baltasar Garzonen eskaera eta aske utzi zuen.

1990. urtean Guardia Zibilaren Lekunberriko kuartelaren aurka egindako erasoan laguntza eman izana leporatzen zioten Galarzari. Urte hartan egin zuen alde etxetik. Bi seme mexikar utzi ditu atzerriko bidea hartu aurretik Herri Batasuna alderdiko zinegotzia izan zen Galarzak. Bigarrenak 40 egun baino ez zituen aita kartzelatu zutenean.