Txupinazorako prest dira Deba, Tafalla, Agoitz eta beste
Gipuzkoan, Deba prest da igandetik aurrera festan murgiltzeko; eta Nafarroara jotzeko aukera ere izango da datozen egunetan, Goizuetara, Burlatara, Agoitzera eta Tafallara zehazki.

Deban herriko jaiak hasiko dituzte asteburuan, igandean, kasu honetan. Bi urteko etenaldiaren ondoren, San Rokeri zapi gorria jarriz eta txupinazoa botaz hasiko dira.
Aurten, herriko hainbat ekimenetan «gatza eta piperra» jartzen aritu den Txaro Garatek botako du txupinazoa, Gure-Kai dantza taldeko kideekin eta Haurren Eguna antolatzen dutenekin batera. Igandean 18.00etan izango da hori.
Une horretatik aurrera, eta datorren osteguna bitartean, jai egitarauak denetarik izango du: musika, dantza, kontzertuak, zezenak, jolasak, herri kirolak, artisautza azoka, eta abar. Astelehenean (abuztuak 15) Haurren Eguna ospatuko da, asteartean (abuztuak 16) San Roke eguna, eta asteazkenean (abuztuak 17), Marinel Eguna.
Aurten ere San Roke bereziak izango dira Ozio Bide Elkarteko kideentzat, 75. urteurrena ospatzen baitute. Beren danborrada igandean eta ostegunean aterako da.
Musika egitaraua, larunbatean bertan zabalduko da (abuztuak 13) Debrass Band eta Skabidean taldeen kontzertuekin. Hurrengo egunetan parte hartuko duten taldeak hauexek dira: Urrats, Mugi Panderoa, Lukiek eta Saia Goait, Goxua'n Salsa, Trikizio, Zopilotes Txirriaos eta Kaleko Urdangak.
Nafarroa ere jaietan
Nafarroako hainbat herrik ere azken bi urteotan ospatu ez dituzten jaiak berreskuratuko dituzte. Horien artean dago Goizueta, aurten gainera egun bat gehiagorekin, jaiak egun bat lehenago hasiko baitira, bihar hain zuzen, eta datorren ostegunera arte luzatu.
Herriko eragile eta tabernariekin elkarlanean antolatutako egitaraua, beraz, biharko Gazte Egunarekin abiatuko da, eta txupinazo ofiziala igande eguerdian botako dute. Astelehenean zezenak eta bertsolariak izango dira arratsaldez; asteartean Nafarroako eta Gipuzkoako sagardogile onenen arteko sagardo probaketa eta herri kirolen pentatloia; asteazkenean nesken arteko pilota partiduak, mus txapelketa eta hip-hop gaua; eta osteguna Umore Ona peñari eskainitako eguna izango da.
Musika arloari dagokionez, hauek dira aurtengo jaietan parte hartuko duten taldeak: Zuttik elektrotxaranga, Gabezin, Laiotz, Igandea txaranga, DJ Mikeltxi, Iratzar, Txamukos edo DJ Bull, besteak beste.
Burlatan Jasokundeko Ama Birjinaren jaiak ospatuko dituzte igandetik aurrera. Sei egunez berriz ere zuriz eta gorriz janzteko eta zapia lepoan lotzeko aukera izango dute, 108 orduz jarduera ugariz gozatzeko: karrika-dantza, zezensuzkoak, bigantxak, erraldoi eta buruhandiak, su artifizialak, dantzaldiak...
Jaiak datorren larunbatera arte (abuztuak 20) luzatuko direnez, asteazkenean atseden eguna egingo dute eta ostegunean kaldereteen herri bazkaria ospatuko dute Intxaustia parkean. Aurtengo lehortea dela eta, Udalak galarazi egin du kaldereteak prestatzeko sua piztea, eta etxetik janaria prestatuta eramateko gomendioa egin du. Haurren Eguna ostiralean izango da.
Agoitzen, bestalde, txupinazoa bihar botako dute eta aurten eginkizun horretaz arduratuko direnak -Angel Martin Unzue alkateaz gain- Aspaceko eta Goiburu komertzioko ordezkariak izango dira, 50 eta 200 urte betetzeagatik.
Aurtengo egitarauak aurreko urteetako ildo berbera mantenduko du, baina hainbat berritasun izango ditu. Horien artean, herri kirol saioa berreskuratzea aipatu daiteke (astearte eguerdian), baita Txantreako konpartsaren parte hartzea ere asteleheneko erraldoien irteeran.
Tafallan igandean hasiko dira jaiak, Garces de los Fayos ikastolako ordezkariek eguerdian botako duten txupinazoarekin. Berritasunen artean, aipatzekoa da entzierrilloaren eta entzierroaren ordutegien aldaketa, goizeko zortzietan eta bederatzietan izango baitira, hurrenez hurren.
Bestalde, 11 eta 13 urte bitarteko gazteentzat hainbat kontzertu eta ekitaldi antolatu dituzte afaldu ondorenerako, Apezetxeko Larrainan prestatuko den Gazte Gunean.

«Tienen más poder algunos mandos de la Ertzaintza que el propio Departamento»

GARA es segundo en Gipuzkoa y NAIZ sigue creciendo con fuerza
Moreno y Lisci, dos trayectorias de menos a más en Osasuna

«Goonietarrak», 40 urte: bihotzeko ganbaran gordetako altxorra
