GARA
DONOSTIA

Dardenne anaiak, Hansen-Løve, Iñarritu eta Koreeda, Zinemaldiko perlen artean

Perlak sailak zinematografia garaikideko izen garrantzitsuenetako batzuen azken filmak bilduko ditu aurten. Dardenne anaiak, Mia Hansen-Løve, Alejandro Gonzalez Iñarritu, Hirokazu Koreeda, Cristian Mungiu, Ruben Östlund eta François Ozon, besteak beste.

François Ozonek Berlinen estreinatu zuen «Peter von Kant» filma.
François Ozonek Berlinen estreinatu zuen «Peter von Kant» filma. (ZINEMALDIA)

Zinematografia garaikideko izen garrantzitsuenetako batzuen azkenengo filmak bilduko ditu aurten Perlak sailak, Dardenne anaiak, Mia Hansen-Løve, Alejandro Gonzalez Iñarritu, Hirokazu Koreeda, Cristian Mungiu, Ruben Östlund eta François Ozon, besteak beste.

Jean-Pierre (Engis, 1951) eta Luc (Awirs, 1954) Dardenne anaia belgikarrak, Cannesen Urrezko Palmorri bi irabazi dituztenak, lehendabizikoz ariko dira lehian Donostia Hiriko Publikoaren Saria eskuratzeko “Tori et Lokita / Tori and Lokita” filmarekin.

Louis Garrel (Paris, 1983) aktore, idazle eta zinemagileak gidoi onenaren Epaimahaiaren Saria irabazi zuen Donostian “L’homme fidèle” (2018) lanarekin, trilogia baten lehen zatiarekin, hain justu. Bigarren zatia, “La croisade” (2021), Perlak sailean hautatua izan zen; eta hirugarren zatia -“L'innocent / The Innocent”-, Donostian izango da Cannesen aurkeztu ondoren.

Mia Hansen-Løve (Paris, 1981) Zinemaldira -zehazki, ikus-entzuleak epaimahaikide diren sailera- itzuliko da “Un beau matin / One Fine Morning” lanarekin; Cannesko Quinzaine des Realisateurs atalean Europa Cannes Label saria eskuratu zuen zuzendari frantsesaren lan berriak.

Oliver Hermanus (Lurmutur Hiria, 1983) zinemagile hegoafrikarrak Akira Kurosawaren “Ikiru” (1952) filmaren remake britainiarra filmatu du, “Living”, jatorrizkoa estreinatu eta 70 urte geroago. Sundance jaialdian aurkeztu eta Veneziako sail ofizialean lehiaketaz kanpo hautatutako filmaren gidoia Literaturako Nobel saridun batek idatzi zuen, Kazuo Ishiguro jatorri japoniarreko idazle britainiarrak, hain zuzen ere. Halaber, Bill Nighy eta Aimee Lou Wood dira remake berriko aktore nagusiak.

“Bardo, falsa crónica de unas cuantas verdades / Bardo, False Chronicle of a Handful” obrarekin hartuko du parte Perlak sailean Alejandro Gonzalez Iñarritu (Mexiko Hiria, 1963) mexikarrak. Veneziako Mostran lehiatuko den film horrek kazetari eta dokumental-zuzendari mexikar batean ipintzen du arreta.

“Broker” Hirokazu Koreedak (Tokio, 1962) zuzendutako lehen ekoizpen hegokorearra da, eta, bertako protagonistak, Song Kang-ho antzezleak, aktore onenaren saria jaso zuen Cannesen.

Sissi enperatriza gogoan

“Corsage” filman, Marie Kreutzer zinemagile austriarrak (Graz, 1977) Sissiren istorioa berrikusi du, eta Austriako enperatrizak 40 urte bete zitueneko unea aukeratu du horretarako. Corsage Cannesko “Un Certain Regard” sailean aurkeztu zen, eta Vicky Kriepsek antzezlan onenaren saria jaso zuen bertan.

Santiago Mitre (Buenos Aires, 1980), “Paulina” (2015) bere bigarren filmarekin Horizontes saria irabazi zuena, Donostiara itzuliko da aurten “Argentina 1985” lanarekin. Veneziako zinema jaialdiaren lehiaketa ofizialaren parte da filma, eta junta militarrei Argentinan egindako epaiketa berritu du, Mitrek berak Mariano Llinasekin batera idatzitako gidoiarekin eta Ricardo Darin aktore ezagunak protagonistaren rola jokatuta.

“Moonage Daydream” -David Bowie abeslari eta artistaren unibertsoan murgildu den filma- izango da saila itxiko duen lana, Cannesko zinema jaialdian izan ondoren. Brett Morgenek bost milioi artikulu baino gehiago arakatu zituen (marrazkiak, grabazioak, filmak, egunkariak...) ez-fikzio musikal hau eratzeko. Cristian Mungiu zuzendari errumaniarrak (Iasi, 1968) Fipresci Sari Nagusia jaso zuen Donostian, “4 luni, 3 saptamâni si 2 zile” (2007) filmagatik, eta “R.M.N” aurkeztuko du, xenofobiari buruzko egilearen gogoeta, Cannesen lehiatu zena.

“Peter von Kant”, François Ozonen (Paris, 1967) azken filmak, joan den Berlinalen estreinatu zenak, Perlak saila irekiko du. Rainer Werner Fassbinderri omenaldia egin dio “Peter von Kant” bere film berrian Ozonek, Denis Menochet, Hanna Schygulla eta Isabelle Adjani aktoreekin batera filmatu duena.

Perlak saileko hautaketan parte hartuko du, era berean, Cannesko azken zinema jaialdiko Urrezko Palmorria eskuratu zuen filmak. Ruben Östlund (Styrsö, 1974) zinemagile suediarrak luxuzko gurutzaontzi batean girotu du “Triangle of Sadness” bere lan berria, burgesiari buruzko satira bat egiteko asmoz.

Hamabi film horiei beste bat gehituko zaie, jada iragarri diren honako hauez gainera: Rodrigo Sorogoyenen “As Bestas / The Beasts”, Cannesen hautatua; “Un año, una noche / One Year, One Night”, Isaki Lacuestarena, Berlinalen lehiatu zena; Juan Diego Bottok zuzendutako “En los márgenes / On the Fringe”, Veneziako Mostran programatua; eta “Los renglones torcidos de Dios / God’s Crooked Lines”, Oriol Pauloren ekoizpena, sailaren emanaldi berezi gisa erakutsiko dena.

Perlak sailaren barruan, Victoria Eugenia antzokian zehazki, Pelikula Sorpresaren emanaldi bat ere egingo da.