Abuztuko azken asteburuko jaiak: Lakuntza, Berriozar, Erandio eta Irunberri
Uda honetan jaiak bueltatu dira Euskal Herrira. Bilbokoa izango da aurtengoari agur esango dion azken hiriburua. Hala ere, oraindik, Nafarroa eta Bizkaiko herri batzuetan bereziki, jaiak hastear daude.

Bihartik aurrera, Lakuntza jaietan murgilduko da, bi urteren ostean. Ekintzaz beteriko bost egunez disfrutatzeko aukera izango dute herritarrek. Larunbat eguerdian txupinazoa jaurtitzearekin batera hasiko dira jaiak. Herritar guztientzako egindako egitaraua da, adin guztietarako. Asteartean, abuztuak 30, aitona-amonen eguna ospatuko da herrian. Eurentzat eta eurengatik egindakoa. Goizean, kalderete lehiaketa hasiko da, 11.30ean, eta arratsaldean sari banaketa izango da.
Joselu Anaiak taldeak herriko plaza girotuko du bi txandatan: 20.00etatik 22.30era, eta 00.30etik 04.00era. Eguerdian, otorduaren aurretik, Destino Sonorako mariatxiek kontzertua emango dute herriko plazan.
Asteazkenean, abuztuak 31, Euskararen Eguna izango da. Antolatutako ekitaldien artean, euskararen aldeko kantu bazkaria dago. Plazan, “Hitz pasa” jolasa ere egongo da. Jaiak amaitzeko, ostegunean, gazte eguna izango da. Herri bazkaria ardatz duela, musikaz girotutako eguna izango da, kontzertu eta kalejirarekin.
Lakuntzako Udalak beste urte batez jarri du martxan jaietan berdintasunaren aldeko udal kanpaina, emakume eta gizonek festetan berdintasun eta errespetuzko egoeran goza dezaten. Arreta berezia jarri diote jaiguneetan eraso sexisten eta emakumeek pairatzen duten jazarpenaren prebentzioari.
Berriozarren jaiak
abuztuaren 31n hasi eta irailaren 4an amaituko dira. Aurten, eskola publikoaren mendeurrena ospatu dute, eta, horregatik, herriko ikastetxe publikoetako zuzendaritzek botako dute suziria, Udalak hala erabakita. Horrela, Mendialdea 1 Eskolak (Haur eta Lehen Hezkuntza), Mendialdea 2 Eskolak (Haur eta Lehen Hezkuntza euskaraz), Berriozar Bigarren Hezkuntzako Institutuak, Urtxintxa Haur Eskolak (0-3 urte) eta Francisco Casanova Musika Eskolak batera jaurtiko dute txupinazoa.
Musika izango da festetako atal nagusia: dantzaldiak, jotak, flamenkoa eta musika estilo ezberdinetako taldeen emanaldiak izango dira. Ildo horretan, aurrekontuari begiratuta nolabaiteko oihartzuna duten musika jarduerak ekartzeko ahalegina egin dute. Esaterako, 2 pájaros y 1 trío, Jamaika Show eta La Bohemia orkestrak izango dira asteburuan, eta Su ta Gar ostiral arratsaldean Ilargi parkean.
Jai-egitarauak jende guztiarentzako jarduera ugari ditu: erraldoi eta buruhandiak, puzgarriak, txotxongiloak, disko-mugikorra, apar festa, rokodromoa, kontzertuak eta dantzaldiak.
Erandiok San Agustin
jaiak ospatuko ditu abuztuaren 24tik 28ra. Txikiek, gazteek eta adinekoek jarduerak izango dituzte lau egunotan; diskoteka, puzgarriak, buruhandiak, erraldoiak, bilbainadak eta askoz gehiago. Igandean San Agustinen meza izango da eguerdian, eta aurreskua. Aurretik, gaur paella lehiaketa egingo dute goizean, eta ondoren, herri bazkaria. Gauean, Oxabik kontzertua emango du. Bihar, 12.00etan, xake lehiaketa izango da, eta 17.30ean, mus txapelketa. Ez da faltako marmitako onenen arteko lehiaketa. Biharko gauean ez da aspertzeko betarik izango; 21.30etik aurrera, Tocando la polla taldeak joko du, eta 22.00etan The Bond Scott Band-en txanda izango da, DJ baten aurretik. 02.30ean, kulero eta galtzontzillo lasterketa izango da herriko kaleetan zehar.
Irunberrira ere
itzuli dira festak. Abuztuaren 31n egun handia ospatuko dute, Erramun Deunaren eguna. Baina 30ean, jai bezperekin emango diete hasiera festei. Egunean zehar puzgarriak, txikientzako berbena, txaranga herriko kaleetan zehar, DJ-ak gauean…
Asteazkenean hasiko dira ofizialki festak, San Ramon egunarekin batera. Egun nabarmen hori dela-eta, Erramun Deuna patroiaren ohorez, eukaristia ospakizuna izango da ekitaldi nagusia. Aurretik, herriko txaranga, gaitari eta erraldoi eta buruhandien konpartsak ere han egongo dira. Eguna 08.00etan hasiko da dianekin, herriko kaleetan zehar eskainiko duten txaranga kalejirarekin. Gero, gaiteroak gehituko dira eta ibilbidea egingo dute herrian barrena. Arratsaldean, berriz, zezenen entzierroa izango da kale nagusian zehar. Gauean ere giroa bermatuta dago, 03.00etan DJ Mikel Oteroren eskutik.
Iraila ondo hasteko, bazkariaren eguna ospatuko dute. Hitzordua 15.00etan da, baina ordu horretara arte gaitariez, txarangaz eta erraldoi eta buruhandiez disfrutatzeko aukera egongo da.
Gazteen eguna etorriko da ostean, irailaren 2an. Txaranga, erraldoi eta buruhandiez aparte, gazta eta ardo dastaketa egingo da Kale Nagusian, 13.00etan. Bazkalostean musikaz beteriko arratsalde eta gaua etorriko dira. Azken bi egunak, erretiratuen eta umeen egunak izango dira.

De la lucha anti-ETA a la UCO, un camino muy transitado

Grandes corporaciones han acogido a agentes de las «cloacas del Estado»

La marcha de Tubilla destapa la enorme marejada en las filas del PNV

Ordenaron parar citas con casos de Iztieta y hubo peticiones de silencio
