2040rako langabezia %6ra jaistea, EAEko erakundeen helburua
Iñigo Urkullu lehendakaria buru izan duen bileran, EAEko erakundeek helburu gisa jarri dute Euskadiko langabezia-tasa %6tik beherakoa izatea 2040an. Halaber, pobrezia-indize txikiena duten Europako eskualdeen artean kokatu nahi dute Araba, Bizkaia eta Gipuzkoa.

Iñigo Urkullu lehendakaria ‘2040rako Euskadiko Ongizaterako Lehiakortasuna: ekintzarako gogoeta’ prozesuan parte hartzen duten erakundeen lan-bilera baten buru izan zen atzo. Bertan, Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako ahaldun nagusiek, hiru hiriburuetako alkateek, Arantxa Tapia Garapen Ekonomikoko sailburuak eta Orkestra Lehiakortasunerako Euskal Institutuko, arduradunek ere parte hartu dute.
Lakuako Gobernuaren arabera, proiektuaren helburua da EAEren lehiakortasun-erronketan gertatzen ari diren aldaketak identifikatzea, hurrengo belaunaldirako ongizate-eredu iraunkor eta inklusiboa eraikitzeko, lankidetzan, lurraldeko eragile guztien ezagutza eta ahaleginak batuz.
Prozesuak ezaugarri bereizgarriak hartzen ditu nazioartean dauden antzeko beste prozesu batzuekin alderatuta: «ikuspegi eboluzionista eta errealista dauka, izaera sistemikoa, guztion ongian pentsatuta (ongizatearen hainbat dimentsio aldi berean garatzea bilatzen du, esparru ekonomiko hutsetik haratago); lankidetza-eraikuntzako gobernantza du (akademiko-instituzionala, maila anitzeko erakundeartekoa etalurraldeko beste eragile batzuk); eta gogoeta eta ekintza konbinatzen ditu», azaldu dute bultzatzaileek.
Etorkizuneko EAEren diagnostiko-, azterketa- eta proiekzio-prozesuaren lehen fasea amaitutzat eman dute atzoko bilerarekin.
Ondorioen artean, «herritarren ongizatea hobetzeko Euskadi lehiakorra» eta «lurralde oparoa, berritzailea, konektatua, konprometitua, inklusiboa eta iraunkorra» eraikitzearen aldeko apustua egin zen.
EAEk lortu beharko lituzkeen adierazleak eta erronkak ezartzeko aukera eman zuen, honako helburu hauek kontuan hartuta: %6tik beherako langabezia duen lurraldea izatea; biztanleko errenta handiena duten Europako eskualdeen %10en artean; Pobrezia-tasa txikiena duten Europako eskualdeen % 10en artean; europako eskualde liderra berrikuntzan; eta Karbonozko lurralde neutroa.
2022ko iraila eta abendua bitartean, bigarren kontraste bat egingo da. Horretarako, alde biko bilerak egingo dira erakunde guztiekin eta enpresa-sareko, hirugarren sektoreko eta gazteriako ordezkariekin, beste eragile ekonomiko eta sozial batzuen artean, ‘Euskadi 2040’ ekimenari lagunduko dioten proiektu estrategikoen diagnostikoan sakontzeko eta agenda partekatu bat eraikitzeko.
2023an, hirugarren kontraste-fase bat burutuko da erakunde guztiekin. Fase horretan, planteatutako proiektuen eta abian jartzeko daudenen «izaera sistemikoa eta lankidetzakoa» landuko da.

El Patronato del Guggenheim abandona el proyecto de Urdaibai

El PP amenaza con el exterminio político a EH Bildu y sin tener turno de palabra

El exalcalde de Hondarribia fichó por una empresa ligada a Zaldunborda

«Tienen más poder algunos mandos de la Ertzaintza que el propio Departamento»
