Esti EZKERRA
Literatura kritikaria

Erregina

Kolonialismoak kolonizatuaren psikean duen eraginari buruz Derek Walcottek idatzitako testu andanaren artean bada bat ikasle garaian irakurri eta buruan iltzatuta geratu zitzaidana. Bertan azaltzen du Karibeko poetak nola eskola garaian idazle eta poeta ingelesen lanak irakurrarazten zizkieten, Ingalaterrako eguraldia hizpide zuten testuak, Karibean jaiotako haurrarentzat erabat arrotza zen eguraldia, eta, hala ere, horri buruz idazteko eskatzen zieten irakasleek, britainiar inperioaren ordezkari finek. Zer idatz zezakeen elurra inoiz ikusitakoa ez zen haurrak? Idazle eta poeta ingelesek esandakoa errepikatzea beste erremediorik ez zuten eta, horrela, mimetismo hutsez, kolonizatzaileak errealitatetzat zuen hori haien irudimenaren jabe egiten hasi zen. Edo hori zen helburua, behintzat. Ez baitzen nahikoa Karibeko uharteen baliabide ekonomiko eta politikoen gaineko kontrola hartzea; tokikoen adimenak eta bihotzak ere irabazi behar zituzten. Bihotzaren kasuan Ingalaterrako erreginak rol garrantzitsua bete zuen. Hura zen beren ama, haiek bere umeak. Debozioz maite behar zuten. Ume haiek hazi egin ziren eta beren familia propioak sortu zituzten jadanik independenteak ziren herrialdeetan. Erreginak, ordea, beren ama izaten jarraitzen zuen; batek ezin zuen inperioarekin edonola hautsi. Seme-alaba haiek hazi egin ziren eta erreginari ez zioten maitasun handirik. Ez zuten malkorik isuri haren heriotzaren berri jasotakoan. Nola maita daiteke jazartzen zaituen sistemaren buru den hori?