Amagoia MUJIKA
Donostia

Getxok eta Arrasatek atonduko dituzte bertso jai handiaren lehen plazak

Dena prest dago 2022ko Bertsolari Txapelketa Nagusirako. Mihise zuriari lehen bertsoak Getxoko saioan marraztuko dizkiote gaur arratsaldean, Muxikebarri Zentroan. Bertan arituko dira Agin Laburu, Alaia Martin, Nerea Elustondo, Oihana Bartra, Peru Abarrategi eta Unai Mendizabal. Saioko txapeldunak finalaurrekoetarako txartel zuzena poltsikoratuko du. Bihar hitzordua Arrasaten izango da, Amaia Udal Antzokian.

Guztira 42 bertsolarik parte hartuko dute txapelketan. Irudian, horietako batzuk.
Guztira 42 bertsolarik parte hartuko dute txapelketan. Irudian, horietako batzuk. (Idoia ZABALETA | FOKU)

Bost urteko itxaronaldiaren ondoren, bihar piztuko da 2022ko Bertsolari Txapelketa Nagusiaren metxa. Getxoko Muxikebarri zentroan entzungo dira larunbatean txapelketa honetako lehen aleak.

Une honetan txapelketa den mihise zuriari lehen bertsoak marraztuko dizkio honako seikoteak: Agin Laburu (Astigarraga, 1985), Alaia Martin (Oiartzun, 1987), Nerea Elustondo (Legazpi, 1981), Oihana Bartra (Bilbo, 1984), Peru Abarrategi (Aramaio, 1997) eta Unai Mendizabal (Zizurkil, 1992) arituko dira Getxoko lehen saio horretan, arratsaldeko bostetatik aurrera. Abarrategi eta Mendizabalentzat estreinako txapelketa nagusia da. Gainerakoek esperientzia handiagoa dute; Elustondo eta Bartrarentzat laugarrena da eta Laburu eta Martinentzat, hirugarrena. Azken orduko aldaketa bat izan da. Berez aurreikusia zegoen Getxoko saioan Eneko Lazkoz aritzea eta Alaia Martin, urriaren lehenean, Gotaine-Irabarnen, baina azkenean Martin Getxon arituko da bihar eta Lazkoz, Gotaine-Irabarnen datorren asteburuan.

Bigarren hitzordua Arrasateko Amaia Udal Antzokian izango da bihar. Bertan arituko dira Gorka Pagonabarraga (Durango, 2000) -txapelketako gazteena-, Iñaki Apalategi (Beasain, 1982), Joanes Illarregi (Leitza, 1999), Miren Amuriza (Berriz, 1990), Saioa Alkaiza (Iruñea, 1991) eta Xabier Silveira (Lesaka, 1976).

Sei bertsolarietatik hirurentzat lehen txapelketa nagusia da; Pagonabarraga, Illarregi eta Alkaizarentzat, hain justu. Saioa Alkaiza da egungo Nafarroako txapelduna. Apalategirentzat hirugarren txapelketa da, Amurizarentzat laugarrena eta Silveirarentzat bosgarrena.

Gainontzeko kanporaketak datozen bi asteburuetan jokatuko dira, honako plazetan; Gotaine-Irabarne, Gasteiz, Donostia eta Lizarra.

Lehen fase honetan hamabost bertso puntuagarri josi beharko ditu bertsolariak. Saio bakoitzeko irabazlea zuzenean sailkatuko da hurrengo fasera. Gainerakoek puntuazioaren arabera lortuko dute txartela. 36 bertsolari abiatuko dira lehen fasean eta horietatik 19k lortuko dute aurrera jarraitzea; saio bakoitzeko sei irabazleek eta puntuazio onena lortzen duten gainontzekoek.

Finalaurrekoak, bi itzulitara

Finalaurrekoetan zain izango dituzte 2017an finalista izan ziren eta aurten txapelketan izena eman duten bost bertsolari: Unai Agirre, Amets Arzallus, Sustrai Colina, Aitor Mendiluze eta Beñat Gaztelumendi. Behin horiek trenera igota abiatuko dira finalaurrekoak, urriaren 22an, Elizondon.

Finalaurrekoak bi itzulitara jokatuko dira. Lau finalaurreko izango dira lehenengoan eta hiru bigarrenean. Bi saioetako puntuazioak gehitu egingo dira, baina lehen itzulian puntu gutxien lortu duten sei bertsolariek bigarren itzulian kantatzeko aukera galduko dute. Taldeak aldatu egingo dira lehen itzulitik bigarrenera. Maialen Lujanbio, egungo txapelduna, zuzenean finalera sailkatuta dago.

Aurten lehenbizikoz finala Iruñeko Nafarroa Arenan jokatuko da abenduaren 18an. Bertan 13.000 bertsozale jasotzeko modua egingo dute.

2022ko Bertsolari Txapelketa Nagusian arituko diren 42 bertsolarietatik hamabostentzat lehen aldia izango da. Eta orotara 15 emakume arituko dira, aurreko txapelketan baino bi gehiago. Zehazki, %35ekoa da emakumeen presentzia aurten. Aurrekoan finalista izandako Igor Elortza eta Aitor Sarriegi txapelketaren trenetik jaitsi dira. Beraz, aurten finalista berriak izango dira derrigorrean.