Iraitz MATEO
BERTSOLARI TXAPELKETA NAGUSIA

Bertsoaren itxaronaldia eten zen Getxon, bero

Alaia Martinek irabazi zuen Bertsolari Txapelketa Nagusiko lehen saioa 738 punturekin, eta beraz, zuzenean finalerdietarako txartela lortu du. Giro beroa egon zen Getxoko Munitibarri Zentroan; ikuspegi anitzez eta umorez jantzi zuten saioa, Martinekin batera, Nerea Elustondok, Agin Laburuk, Oihana Bartrak, Unai Mendizabalek eta Peru Abarrategik osatutako taldeak.

Bertso gosez heldu zen atzo entzulegoa Getxora. Alaia Martinek lortu zituen puntu gehien.
Bertso gosez heldu zen atzo entzulegoa Getxora. Alaia Martinek lortu zituen puntu gehien. (Aritz LOIOLA | FOKU)

Bertsolari Txapelketa Nagusia urtebetez atzeratu ostean, nabaria zen bertsozalearen egarria atzo Getxon. Munitibarri Zentroan 600 lagun elkartu ziren, eta bertsolariak oholtzara igo ziren momentutik zen nagusi txalo hotsen beroa eta giro ona.

Alaia Martinek irabazi zuen saioa eta zuzenean finalerdietara sailkatu da. Bigarren Nerea Elustondok egin zuen 695 punturekin; eta kantuan aritu ziren hurrenez hurren Agin Laburu (685), Oihana Bartra (653,5), Unai Mendizabal (635) eta Peru Abarrategi (627).

Betiko moduan, zortziko handiarekin hasi zen saioa. Mendizabal eta Martin bi lagunen azalean jarri zituen Imanol Artola gai jartzaileak: eskuz arropak egiten hasi ziren bi lagunak, hasieran beraientzat; Mendizabalen ustez saltzen hasi beharko lukete; Martinen ustez, ez. Mendizabalek zorrotz baina umoretik arrazoitu zuen: «Berta bertako piparrak sardin ta atun potoa/ arropak ere beharko luke kilometro zerokoa».

Puntuari erantzuteko ariketari gaia ere ematea gehitu diote aurtengo edizioan. Elustondok, azkar eta zuzen erantzun zion turismoaren inguruko puntuari: «Izan ote liteke berez jasangarri?/ Donostin bizi denai puntu hau ez jarri/ jendea ugaritu da ikaragarri/ ta bertakoak gabiltz estu eta larri».

Bartraren gaia txapelketa zen, eta saioan zehar egondako giro onari egin zion erreferentzia bizkaitarrak: «Bertsozaleek ere bazuten gogoa/ holan egin digute harrera beroa/ guk ere altxa behar genuen egoa/ ta trena horrelaxe aurrerantza doa».

Hamarreko txikian interesgarria izan zen Abarrategik eta Martinek sortutako elkarrizketa. Bikotearen paperean jarri zituzten: aspalditik zuten lan finkoa, eta etxea erosita, baina Martinek guztia utzi eta guztia zerotik hasteko munduko beste txokoren batera joatea proposatu zion. Abarrategik zerotik hasteari lotuta honako hau bota zuen: «Non geratuko zaigu aurretik egina?». Martinek monotoniaren hausnarketa batekin erantzun: «Ez nuke nahi berdina betikotzen jardun/ beti hain formal, zintzo, lehor, ta euskaldun/ kolorez bete nahi dut mila ta bat album/ begiak zabal izan, bizitu eta bum!/ bizitza bat daukagu, gozatu dezagun». Abarrategik jarraian: «Beraz gure bizitza gozatzen saiatu/ Karibeko irletan bekatuz bekatu/ ni ez naiz holakoa, maitea barkatu/ nola gaur ezustean nauzun harrapatu/ almuadarekin nahi dut behintzat kontsultatu».

Epailearen aurrean bi aldiz

Ohituta daude bertsolariak txapelketan epailearen aurrean jartzen, atzo bestelako epaile baten aurrean jarri zituzten ganbarako lanean, ordea. «Epaileen aurrera ekarri zaituzte, esaten duzunak ez du zugan bakarrik eragingo», zioen gaiak.

Epailearen aurrean jarritako pertsonaia ezberdin baten ahotik kantatu zuen bertsolari bakoitzak. Laburuk udal bateko zinegotziaren papera hartu zuen eta bere alderdiaren ustelkeria kasuak urteetan isilpean eraman ostean kontatzea erabaki zuen. «Akusatuen artean nago, ez da nire nagusia/ ni nintzen zinegotzia/ alderditik egotzia/ ta mendekua su motelean izango da egosia/ nere hitzekin idatziko det alderdiko autopsia». Azkenekoan guztia kontatuko zuela aitortu zuen: «Baina guztia kontatuko det ez naiz gezurretan ari/ ez det izan nahi asko bezala Iberdrolan kontseilari».

Martinek tratu txarrak jasotzen dituen ama baten haurraren gorputzetik kantatu zuen. Lehendabiziko bertsoan etxeko egoeraren bilakaera kontatu zuen, eta ama edo aita nor maite zuen gehiago erabakitzeko trantzean sarri jarri izana salatu. Hirugarrenean, barruan gordetakoak kanporatu zituen: «Tratu bat tratu txar gisa ezin nuenean sailka/ eskolan lagun artean ezin nire mina aipa/ baina amak ezin du izan beti mamu bat jarraika/ nahiz ta bihotz bihotzetik kontraesanekin maita/ aitari esango diot jada ez dela nire aita».