Andoni ARABAOLAZA
JARDUERAK

Ushba zorrotzetik, Pique Longue gogorrera

Ekaitz Maiz eta Joseba Iztuetak, Oriol Baro katalanarekin, Georgiako mendi ikonikoan, “Myshliaev” bidea (6c, M5, 1.800 m) eskalatu dute. Euskal sokadak, era berean, “Betiko argia” (7c, 670 m) marra zabaldu eta kateatu du Pique Longueko iparraldeko horman.

Ekaitz Maiz eta Joseba Iztuetak, soka gerrira lotzen dutenean, argi erakusten digute benetako alpinismoak eskatzen dituen ardura etikoak ondo baino hobeto betetzen dituztela. Lokarri berezi horretatik edan egiten dute. Hori gutxi ez, eta sasoia zein eraginkortasuna DNAn daramatzate. Eta azken hilabeteotan, euskal sokada horrek aipatu dugun guztia indarrean jarri eta hainbat jardueratan arrakasta izan du. Hots, uzta oparoa izan du.

Uztailean, Maiz eta Iztuetak bidaia alpino oso erakargarria egin zuten Georgiara. Sokakide katalan bat izan zuten: Oriol Baro. Eta helburua: Ushba mendia (4.710 m). “Kaukasoko Erregina” deitzen diote gotorleku horri. Laumilako horrek dituen bi gailurren irudiak bereziak dira oso. Estetikoak zein zorrotzak; hango hormatzarrek ez dute ibilbide errazik. Eta hirukoteak zorroztasunaren hariari tira egin zion estetikaren edertasunarekin liluratzeko.

Zirrara egiten duen Ushba zain zuten, eta Iztuetak zuzeneko agerraldiari azpimarra jarri nahi izan dio: «Duela lau urte, beste plan batekin, Georgian izan nintzen. Ushba ikusi nuen eta dimentsio handiko mendi batekin egin nuen topo. Handia zein bertikala! Boteretsua zein estetikoa! Eta oso serioa».

Ideia horrekin, hirukoteak erabaki zuen “Myshliaev” bidea erronka ederra izango zela Ushbaren zirrikituak ezagutzeko. 60ko hamarkadan irekitako bidea da. 1.800 metro horietan 6c eta M5 (ED+, errusiar eskalan 6A) zailtasunak gainditu behar dira, eta, gipuzkoarrak aurreratu duenez, egokia eta polita: «Mendebaldetik eskalatzea proposatu nien sokakideei; izan ere, Ushbak duen murru bertikalena da. Gainera, Mikel Saez de Urabainek aholkatu zigun; hark ez zuen zorterik izan bidea amaitzeko. Estetikoa, zuzena… Alpinismoak bere baitan jasotzen dituen osagaiak ditu: arroka, izotza, mistoa…».

Klasikoa baina, era berean, zaila. Nortasun handikoa. Eta konpromiso handia eskatzen duena. Ibilbidea, bederen, agerikoa da. Igoeraren kudeaketan asmatu behar zuten, eta hirukotea, eguraldia lagun, martxan jarri zen: «Ezusteko asko ematen dituen marra da. Eskalada ez da samurra eta eremu alpino horretan ondo mugitu beharra dago. Harkaitzean estutu egin behar da, eta hormara itsatsita zegoen izotzarekin (verglas) arretaz eskalatu behar da. Baldintzak zein eguraldia lagun izan ditugu. Lau egun eta erdiko joan-etorria izan da. Hiru bibak, denera, igoeran. Iltzeak ikusi genituen, eta bide onetik gindoazela baieztatu genuen. Gainera, gure aurretik talde ukrainar bat sartu zen. Zoritxarrez, istripua izan zuen, eta tresneria gehiago utzi zuen. Mendiaren goi aldearen inguruan ez genuen informaziorik, eta azken murrua gainditzea asko kostatu zitzaigun. Lau eguneko jarduera aurreikusi genuenez, bizkar-zorroen zama handia zen. Horrek erritmo geldoagoa eramatera behartu gintuen. Estrategiarekin asmatzea zen erronka nagusietarikoa; hots, jarduera osoaren giltza».

Hiru eguneko eskaladaren ondoren, Oriol Baro, Ekaitz Maiz eta Joseba Iztuetak hegoaldeko gailurra (nagusia) zapaldu zuten. Bide batez, gabiriarrak nabarmendu nahi izan du jarduera osoak (igoera zein jaitsiera) duen lana. Igoeran, izotz zein arroka tarte kaskarrak igotzeaz gain, jaitsiera nahasi eta luze bati egin behar izan zioten aurre: «Zalantza handiak genituen nondik jaitsi. Mikel Zabalzak aholkatu zigun “Gabriele”-tik jarraitzea. Jaitsiera “normala” da. Eta asmatu egin zuen; besteak beste, tresneria gehiago ikusi genuelako. Rappel asko, deseskalatu ere bai… Oso luze joan zitzaigun. Nire hausnarketa da Ushban benetako alpinismoa egin dugula».

“Betiko argia”

Euskal Herritik askoz ere gertuago, Maiz eta Iztuetak nabarmentzeko moduko beste jarduera bat egin dute. Georgiako mendi zorrotz batetik Pirinioetako gogor batera egin dute jauzi: Pique Longuera. Hots, Vignemale mendiguneko tontor garaienera.

Izotza, mistoa… alde batera utzi eta Pique Longueko iparraldeko horma luzean, arrokan, bide berri bat sortu dute. Kateatu ere bai. “Betiko argia” du izena. Murru horretan dauden marra guztiek bezala, metro asko ditu: 670. Eta zailtasun teknikoak aztertzen baditugu, gogorra da; izan ere, bidearen giltzak 7c maila du.

“Betiko argia”-ren ezaugarriei dagokienez, Iztuetak aurreratu digu oso agerikoa den diedro bat dela bidearen sekzio nagusia: «Sortu dugun marra paretaren tarte tenteenean dago. Ekaitzek diedro hori ikusi zuen, eta haren bila joan ginen. Bidea amaitu eta Gaubeko ertzarekin bat egiten du. Diedro hori oso luzea da, eta bideari benetako nortasuna ematen dio. Eroria duen artesia, sabaia…».

Arestian aipatu dugu euskal sokada honek alpinismoak eskatzen duen ardura etikoarekin bat egiten duela, eta Pique Longueko jarduera horretan ez da ezkutatu. Marra berria zabaltzeko filosofiari buruz ari gara. Behetik irekia, zentzuzko txapak jarriz, nork bere burua babesteko tresneriari uko egin gabe… Eta hori guztia ekaineko eta uztaileko bi egunetan egin zuten.

Era horretan, “Betiko argia”-k forma hartu zuen. Eskalatzaileok gustura geratu ziren eginiko lehen lanarekin; hots, sorkuntzarekin. Inguruan dituen beste “anai-arrebak” bezala, eskalada alpinoa da ezaugarri nagusia: «Vignemaleko esentzia zainetan du. Mendiko bidea denez, sekzio batzuetan arroka garbitu behar izan genuen. Bidearen giltza 7c da, baina 6c eta 7a mailakoetan ere estutu egin behar da. Marraren luze gogorrenak sabaia du, eta hori gainditzea gogorra da».

Pique Longueko iparraldeko hormak hamahiru luzeko proposamen berria du: “Betiko argia”. Ireki bai, baina soka talde honi puntu gorria jartzea falta zitzaion. Uztailean bertan, bide berria behetik gora askatzen saiatu zen, baina diedroa bustita zegoen eta erronka hori atzeratu zuen: «Abuztuan berriro ere “Betiko argia”-ren azpian geunden. Aurrekoan baino askoz ere arinago joan ginen eta, azkenean, biok ala biok luze guztiak era askean igo genituen. Gainera, eguraldi ona egokitu zitzaigun».