GARA

Esther Ferrer eta zenbaki lehenak

«Zenbaki lehenen poema» sailari jarraipena emanez egindako artelana Tabakalera aurreko plaza berrian jarriko dute.

Esther Ferrerren obra Tabakaleraren aurrean egingo duten plaza berrian jarriko da.
Esther Ferrerren obra Tabakaleraren aurrean egingo duten plaza berrian jarriko da. (DONOSTIAKO UDALA)

Tabakalera eraikinak izango duen erabilera publikoko plaza berriak Esther Ferrer (Donostia, 1937) sortzailearen “Zenbaki lehenen poema” saileko obra berri bat hartuko du; sortzaileak bere hiriari eginiko dohaintza izango da. Plazan kokatuko den zoru-instalazio bat da artelana eta, artistaren hitzetan, hiria definitzen duten koloreak izango dira nagusi bertan: berdea eta urdina. Obra plazako zoladuran jarriko da, Tabakalerako sarreran, eta lehen elementu artistikoetako bat izango da Donostiako AHTren geltokia eraikitzearen ondorioz sortuko den eremu horretan. Geltoki berriaren obrek ibiltzeko moduko estalkia sortuko dute, eraikinaren bigarren solairura zuzenean sartzeko aukera emango duena. Zenbaki lehenak funtsezko elementua dira Ferrerren obra artistikoan; egileak leku honetarako berariaz sortu du instalazio berria, zeramikaz egina. «Niretzat denbora mentala da eta, aldi berean, oso fisikoa. Zenbaki lehenekin lan egiten dudanean, papera eta haria ez den elementu material bat balego bezala da […] une horretan denbora modulatzen ariko banintz bezala», azaldu du Parisen bizi den sortzaileak.