Patronal britainiarrak lanpostuetarako migratzaileak behar direla dio
CBI enpresarien Erresuma Batuko patronalak atzo Gobernu kontserbadoreari eskatu zion pertsona migratzaile gehiago sar daitezela lan merkatuan dauden hutsuneak betetzeko. Gaur egun Erresuma Batuko langabezia tasa %3,6koa da, minimoan dago, eta lanpostuek hutsik jarraitzen dute; horri aterabidea eman behar zaio patronalaren arabera.
«Herrialde honetan milioi bat lanpostu huts baino gehiago ditugu, eta 600.000 pertsona inguru daude orain gaixotasun luze bat dutenak, eta epe laburrean lan merkatura itzuliko ez direnak», adierazi zuen Tony Danker Industria Britainiarraren Konfederazioko zuzendariak.
Neurrien eske
BBC komunikabideari egindako adierazpenetan Dankerrek esan zuenez, «politikari kontserbadoreentzat erabaki zaila» dela jakitun, bere ustez «migrazioa hazkundea garatzea ahalbidetzen duen baliabide horietako bat da».
Aurrekontuen Erantzukizunaren Bulegoak (finantza publikoak ikuskatzen dituenak) atzo adierazi zuen migrazioa dela gaur egun Erresuma Batuan hazkundea bultza dezakeen faktore bakanetako bat, eta urtebeteko atzeraldiari aurre egiteko hori dela identifikatzen duen bidea.
Langabezia tasa gaur egun %3,6koa da, eta enpresa asko kexu dira langile kualifikatuak eta sasoikako langileak aurkitzeko ezintasunarengatik. Hala ere, Rishi Sunen Gobernuak, Brexit-aren aldekoak nagusi direla, baztertu egin zuen migrazio politika lasaitzea eta aldatzea, alderdiko sektore eskuindarrenaren presioen eraginez.

Los kurdos lo pierden todo contra Damasco

«Xeberri eta biok hiru kantaldi egun berean egitera iritsi ginen»

Israel exhibe su impunidad en los escombros de la Unrwa en Jerusalén

Piden cuentas por la contratación pública de dos directivos de Solaria
