GARA
BAIONA

Ehouman migratzailearen auzia konpontzeko bidean da

2020ko martxoaz geroztik Ipar Euskal Herrian bizi den Martial Ehouman gazte migratzailearen auzia konpontzeko bidean egon daitekeela aditzera eman zuten, atzo, elkartasun taldeek.

Boli Kostako gaztea Gaueko Mahaian laguntzaile gisa aritzen da, Baionan, eta bere aurkako kanporatze agindua betetzeko zorian zelarik kasua salatzeko agerraldia egin zuten aipaturiko zerbitzuko kideek, beste hainbat elkartasun talderen sostenguz.

Finean, Etorkinekin eta Cimade elkarteetako ordezkariek baieztatu zuten Paueko Prefeturak bertan behera utzi duela gaztearen aurka agindutako OQTF delakoa.

Frantziar lurraldetik ateratzeko agindu administratibo hori gaur, abenduak 15, betetzekoa zen, baina gazte migratzailea bere herrialdera bueltan eraman behar zuen hegaldia bertan behera utzi dute frantses agintariek.

Gutuna prefetari

Zenbait elkartek gutuna igorri zuten Paueko Prefeturara agindu hori bertan behera uztea galdegiteko. Bestalde, bertze hautetsi batzuen sostenguari esker, Baionako auzapezak, Jean-Rene Etchegarayk, gaztea hirian sustraitua dela azalduz mezua igorri zion Julien Charles prefetari, bide batez Martial Ehoumanen dosierra berriz ere aztertzea eskatuz.

Kontuak horrela, atzo arratsaldean Baionan egitekoa zen manifestazioa ez egitea deliberatu zuten antolatzaileek. Alde batetik, lurraldetik ateratzeko agindua bertan behera gelditu ondoren, gaztearen egoerak hobera egin duelako, eta, bestetik, «informazio batzuk jaso ditugulako, pentsatzera eramaten gaituztenak laster erregularizazioa jasoko duela Martialek».