Sistema «publiko, euskaldun eta propioaren» aldeko aldarria kaleetan
LAB, Steilas eta ELA sindikatuek bigarren greba egunera deitu zuten atzo EAEko hezkuntza sistema publikoan, Lakuako Gobernuak proposatutako lege aurreproiektuaren zirriborroari ezetz esateko. Gasteizko, Bilboko eta Donostiako kaleak hartu zituzten milaka langilek, «publikoa, euskalduna eta propioa izango den» hezkuntza sistema aldarrikatzeko.

LABek, Steilasek eta ELAk deituta, bigarren greba eguna egin zuten atzo hezkuntza sistema publikoan, Lakuako Hezkuntza Sailak proposatutako lege aurreproiektuaren zirriborroari ezetz esateko. Sindikatuen arabera, langileen %60k bat egin zuten grebarekin, «eta jarraipena bereziki oso zabala izan da Haurreskolak partzuergoan, Haur Hezkuntzan eta Lehen Hezkuntzan».
Hala adierazi zuen Irati Tobar LAB sindikatuko ordezkariak Gasteizen egindako manifestazioan. Bertan 2.000 lagun inguru bildu ziren -GARAk egindako zenbaketaren arabera- «publikoa, euskalduna eta propioa izango den» sistema aldarrikatzeko.
Izan ere, Tobarrek esan zuenez, EAEko Hezkuntza Sailak proposatutako neurriek gaur egungo «sistema duala betikotuko» dute.
Steilas sindikatuko ordezkaria den Nagore Iturriotzek azpimarratu zuen borrokan jarraituko dutela «hezkuntza justu baten alde»; eta mezu bat bidali zien Gasteizko Legebiltzarra osatzen duten alderdiei, «gure ahotsa aintzat hartu dezaten eta moldatu dezaten» proposatu diren «aurreproiektu, dekretu edo bestelako aginduetan».
Haren esanetan, zabaldu diren testuek «argi utzi dute noranzko bakarrean doazela», eta orain arte «ez dute inolako neurri zehatzik jarri hezkuntza publikoa indartzeko».
Miren Zubizarretak, ELAko kideak, gogoratu zuen 2021eko irailean abiatu zela Legebiltzarreko Hezkuntza Batzordean ponentzia propio bat Hezkuntza Legea aurrera eramateko eta, esan zuenez, ez dira aintzat hartu sindikatuek ponentzia horretan egindako ekarpenak.
«2021eko irailetik ari gara Hezkuntza Sailari ekarpenak egiten, baina ez dute norabide aldaketarik egiten. Horregatik diogu hau ez dela greba ‘prebentibo’ bat, bestelako Hezkuntza Lege baten premia dagoela aldarrikatzeko greba da», adierazi zuen.
Halaber, Tobarrek esan zuen bezala, Zubizarretak ohartarazi zuen egungo sistema betikotzeko asmoa dagoela, «murgiltze ereduari dagokionez, curriculum propioari dagokionez edo eskuduntza propioen garapenari dagokionez, egungo sare banaketari dagokionez, edo lan baldintzei dagokienez, besteak beste».
«Hezkuntza sistemak arazo estrukturalak ditu. Hezkuntza publikoko behin-behinekotasuna da horren adibidea, baita itunpeko langileen lan baldintzak ere, Jaurlaritzak azpikontratatutako langile merkeagoen trataera ematen dielako. Jaurlaritzaren aurreproiektuak, aldiz, egungo sistema betikotzen du, baita bere gabezia eta arazoak ere», azaldu zuen.
EAEko hiriburuetan
Hirurek goraipatu zuten langileen jarrera. 30.000tik gora dira EAEko unibertsitatez kanpoko hezkuntza publikoan grebara deituriko langileak: irakasleak, Haurreskolak partzuergoko hezitzaile eta kudeaketako langileak, eskoletako heziketa bereziko hezitzaileak eta hezkuntza saileko sukaldariak eta garbitzaileak.
Eta milaka lagunek parte hartu zuten EAEko hiriburuetan deitutako ekimenetan. Mezu bat nabarmendu zuten mobilizazioetan: «Balizko hezkuntza legerik izango bada, langileokin eraikitakoa izango da».
Komunikabideei bidalitako ohar batean LABek, Steilasek eta ELAk Hezkuntza Legean eta hezkuntza sistemaren aldaketetan eragin nahi dutela adierazi zuten, eta argi utzi zuten: «Publikoa, euskalduna eta propioa izango den hezkuntza sistema bat helburu izanik, mobilizatzen jarraituko dugu gure hezkuntza sistemak premiazkoak dituen aldaketak bultzatzeko».
«Beste behin ere argi geratu da hezkuntza lege aurreproiektuaren zirriborroak ez dituela langileak asetzen eta ez duela egungo hezkuntza-eredu duala gainditze bidean jartzen. Beraz, eskoletatik eta kaletik borrokatzen jarraituko dugu sare publiko bakar, euskaldun eta propiorako bidea egin beharko lukeen legea lortzeko», gaineratu zuten.
Publikoa «ardatz»
Publikoa «ardatz» izango duen hezkuntza legea nahi dute, segregazioari aurre egin eta gizarte kohesioa bermatuko duen legea. Eta publifikazio marko eta araudi orokor eta adostua ezartzea nahi dute.
Era berean, inbertsio eta baliabide nahikoa izango dituen hezkuntza legea nahi dute, euskara erdigunean jarriko duena eta betebehar eta kontrol mekanismo zehatzak jasoko dituena.
«Hezkuntza sistema osatzen dugun langile guztion enplegua eta lan baldintza egokiak bermatuko dituen legea nahi dugu. Merkatuen interesen gidaritzatik eta enpresa pribatuen negozio esparrutik at egongo den hezkuntza legea nahi dugu. Hezkuntza lege parte-hartzailea nahi dugu, langileak aintzat hartuko dituena», aldarrikatu zuten sindikatuek bidalitako agirian.
Eta etorkizunera begira mezu bat bidali zieten EAEko erakundeei. «Gauzak horrela, behin betiko aurreproiektuan sindikatuon aldarrikapenak jasoko ez balira, egin ditugun grebak eta mobilizazioak baloratuko ditugu eta etorriko den Legebiltzarreko izapidetzan zehar, hurrengo mobilizazio dinamika definituko dugu», iragarri zuten.
Lakuak bilerak izan direla dio; sindikatuek, ezetz
Lakuako Gobernuko bozeramailea den Bingen Zupiriak adierazi zuenez, «Jaurlaritza etengabe hitz egiten ari da sindikatuekin, baita egun hauetan ere». «Jokin Bildarratzek bilerak izan ditu bilerak eskatu dituzten sindikatu guztiekin, eta horretan ari da aste honetan bertan. Beste kontu bat da badagoela euskal estilo bat, batzuetan nabari dena», esan zuen atzo Euskadi Irratian egindako elkarrizketan.
Bertan kritikatu zuen sindikatuen jarrera, haren aburuz grebak eragina izango duelako sisteman, familietan, irakasleengan eta ikasleengan. «Gaurkoa pasatuko da eta bihar galdetu beharko diogu gure buruari zertan egin dugun aurrera», esan du. LAB, Steilas eta ELAk apirilaren 7an EAJ, EH Bildu, PSE eta Elkarrekin Podemosek adostutako akordioa «aldatu nahi dutela» nabarmendu du. «Ulertu behar dut ez daudela konforme hitzarmenarekin, eta nonbait eragin nahi dutela hitzarmen hori alda dadin», gaineratu zuen.
Zentzu honetan, LABeko ordezkaria den Irati Tobarrek argi utzi zuen atzoko mobilizazioetan parte hartu zuten langileek ezetz esaten diotela EAEko Hezkuntza Sailak aurkeztu duen lege proiektuaren zirriborroari. «Aldatu behar dela hori, eta langileekin adostu behar dela», nabarmendu zuen.
Nagore Iturrioz Steilaseko kideak ohartarazi zuen ez dela «negoziazio esplizitu bat» izan Gasteizko Gobernuko ordezkariekin. «Ez da inolako marko propiorik egin aldarrikapen hauek jorratu ahal izateko», azpimarratu zuen.
LAB, Steilas eta ELA sindikatuak Lakuako zirriborroaren aurka agertu dira, eta beraien aldarrikapenak jasoko ez balira, etorkizunean mobilizazio berriak antolatuko lituzketela ohartarazi zuten atzo.
UGT eta CCOO sindikatuek, bestalde, ez dituzte gehiengo sindikalak deitutako greba egunak babestu, baina aldi berean adierazi dute ez daudela ados Lakuako Hezkuntza Sailak proposatutako testuarekin. I.S.

La marcha de Tubilla destapa la enorme marejada en las filas del PNV

Grandes corporaciones han acogido a agentes de las «cloacas del Estado»

Ordenaron parar citas con casos de Iztieta y hubo peticiones de silencio

De la lucha anti-ETA a la UCO, un camino muy transitado
