GARA
BILBO

Amazonek 18.000 langile kaleratuko ditu: esandakoa baino 8.000 gehiago

Amazonek 18.000 langile baino gehiago kaleratuko ditu. Azaroan 10.000 langile kaleratzeko erabakia jakinarazi zuen enpresak, eta datozen asteetan 8.000 gehiago iragarriko ditu. Andy Jassy multinazionaleko kontseilari delegatuak langileei bidalitako barne-ohar baten arabera, «ziurgabetasun ekonomikoaren eta azken urteetan egindako kontratu kopuru handiaren» ondorioz hartutako erabakia izan da.

Azaroan, gailu eta liburuen negozioetan hainbat postu kentzeko erabaki «zaila» jakinarazi zuen Amazonek, eta beste arlo batzuetan murrizketak iragarri zituen, etorkizunean kaleratze gehiago izango zirela iragarriz. Hala, atzo iragarritako kaleratze gehienak Pertsonen, Esperientzien eta Teknologien arloan izango dira, baita Amazonek dituen dendetan ere.

Dirudienez, Amazonek zuzenean jakinaraziko die erabakia kaleratuko dituen langileei. Europan, langileen ordezkaritza-organoekin hitz egingo du urtarrilaren 18tik aurrera. Euskal Herriaren kasuan, LABek uste du, printzipioz, kaleratzeak ez direla izango Trapagaranen.

Grebak eta salaketak

Greba egunak izan ziren Trapagaranen abenduaren 22 eta 23an. Ertzaintzak jipoitu zituen LABek deitutako mobilizazioekin bat egin zuten langileak. Sindikatuak salaketa aurkeztu du Laneko eta Gizarte Segurantzako Ikuskatzailetzan.

LABen arabera, goizez lan egin ohi dutenei txanda aldatu zien enpresak, gauez lan egiteko, grebalariak ordezkatzeko, eta kanpoko beste lantoki batzuetako langileak ekarri eta Greba Batzordekoak lantokitik kanporatu zituen.