«Nire ibilbideko esperientziarik gogorrenetako bat izan da»
Alex Txikonek eta haren taldekideek Manaslu mendia (8.163 metro) igotzea lortu dute 60 ordu baino gutxiagoan. «Izugarrizko indar fisiko eta mentala behar izan dugu gailurrera ailegatzeko», esan du Lemoakoak, Nepalgo hiriburu Katmandun dagoela. Euskal alpinistak historia egin du: Manaslura igo baita aurrenekoz neguko espedizio batean, oxigeno artifizialaren laguntzarik gabe.

«Manaslura igotzea lortu dugu 60 ordu baino gutxiagoan. Nire ibilbide profesionaleko esperientziarik zorrotzenetako eta gogorrenetako bat izan da». Hala definitu du Alex Txikon Lemoako mendizaleak munduko zortzigarren mendirik altuenera egindako igoera. Errege egunean dastatu zuen loria, 8.163 metro garai den mendiaren gailurrera iritsita. Orain Nepalgo hiriburu Katmandun dago atseden hartzen, eta atzo handik eman zuen igoeraren berri.
«Igoera gogorra eta zorrotza izateaz gain, arriskutsua ere izan da. Izugarrizko indar fisiko eta mentala behar izan dugu gailurrera ailegatzeko. Mendia uste baino askoz ere baldintza okerragoan zegoen», adierazi zuen Lemoakoak. Txikon aurrez birritan saiatu da Manaslura igotzen, baina bidean geratu da bietan. Lehen saioa 2020-2021 denboraldian izan zen, eta 2022ko urte hasieran bigarrena. Bietan, baina, elurteek eta haize bortitzek espedizioa zaildu zuten.
Hirugarren saialdian, beraz, arrakasta izan du Txikonek, eta ez da zorte onez izan. Benetan, azken bi saialdiek eskarmentua eman diote hirugarrenerako: «Oraingo igoera honetan argi nuen aukera izan bezain laster azkar igo nahi genuela, baina agian ez hainbeste. Izan ere, gauez zenbat eta ordu gehiago egin, orduan eta aukera gutxiago dituzu gailurrera iristeko, izozketak izateko aukera handiagoa delako. Hala ere, aukera aurrean izan genuenean, aprobetxatu egin genuen, barruan genuen adore guztia aterata».
Txikonek urtarrilaren 4an ekin zion bideari bere taldekideekin. Goizeko 8.00etan abiatu ziren, beharrezkoa zuten tresneria guztia bizkarreko motxilan hartuta. «Eguraldi ona zegoen, girotuta geunden, eta altuera irabazteko aukera ona genuela sentitzen genuen». Lehenengo zatia arazo handirik gabe igaro zuten, euren eskarmentuari esker. Hurrengo tartean, C2an -6.400 metrotan-, ordea, iritsi ziren komeriak. «Bizitzan egin dudan zati zailenetako bat izan zen, zalantzarik gabe. Oso gogorra, korapilatsua, eta arriskutsua zen. Beldurra pasatu genuen».
Oztopoak oztopo, bertan kanpatu, eta gaua han pasatu zuten. Hurrengo egunean, urtarrilaren 5ean, C3ra -6.950 metroetara- abiatu ziren. Hara iritsitakoan, igoerako erabaki garrantzitsuena hartu behar zuten eskalatzaileek: atseden gehiago hartu ala gailurrera igo. Aukera aprobetxatu eta tontorrerako bidea hartu zuten: «Ez genuen begirik bildu, eta gaueko 23:00etan gailurrera abiatu ginen. Bertara heldu ginen 9.30ean. Tontorraren parean -7.992 metroetan-, gailur nagusira iritsi aurreko azken zatian, egun-argia iritsi zitzaigun. Oso luzea egin zitzaigun tarte hori. Ematen zuen ez zela inoiz amaitzen». Azkenean heldu ziren gailurrera, baina etortzeko zegoen okerrena: jaitsiera.
Amaitzean, «txikituta»
Gutxika-gutxika egin zuten beherako bidea, eta 18.00etan iritsi ziren oinarrizko kanpalekura, 5.000 metroko altuera duena: «Txikituta iritsi ginen, baina 60 ordu baino gutxiagoan lortu genuen dena egitea: Manaslura igo eta oinarrizko kanpalekura onik itzultzea». Euskal alpinistak historia egin du: Manaslu mendira igo baita historian aurrenekoz neguko espedizio batean, oxigeno artifizialaren laguntzarik gabe.
Azkenik, Txikonek zorionak eta eskerrak eman dizkie bere ibilbidean zehar babesa eman dien pertsona guztiei, eta batez ere mendi klub eta federazioei. Simone Moro bere taldekidearekin ere zorretan dagoela nabarmendu zuen, «igotzen jarraitzeko indarra bazuen ere, taldearentzat jaitsieran traba izango zela eta, bakarrik jaitsi zen C2tik CBra». «Gailur hau ere Morori zor diogu», esan zuen Lemoakoak.

El PP amenaza con el exterminio político a EH Bildu y sin tener turno de palabra

El exalcalde de Hondarribia fichó por una empresa ligada a Zaldunborda

«Tienen más poder algunos mandos de la Ertzaintza que el propio Departamento»

Etxebarriazarragak jantzi du Bizkaiko txapela
