Maider IANTZI GOIENETXE
ITUREN, AURTITZ ETA ZUBIETAKO INAUTERIAK

Joare soinu sakonekin, oinak taupaka, sabela bor-bor

Mendi elurtuen artean eguzkia atera zen atzo Malerreka aldean. Iturengo plaza leporaino, eta sabelean joare soinu sakon horiek kolpeka berriro, pandemiaren ondotik inoiz baino biziago. Ia 80 joaldun elkartu ziren Zubieta, Aurtitz eta hiru herrien artean, ezinbesteko lagun dituzten mozorro eta karroza zirikatzaileekin batera, aro berria ospatzeko.

Joaldunak, mozorroak, desfilea zubitik pasatzen, eta leporaino betetako Iturengo plaza, atzo, inauteritako astelehenean.
Joaldunak, mozorroak, desfilea zubitik pasatzen, eta leporaino betetako Iturengo plaza, atzo, inauteritako astelehenean. (Gotzon ARANBURU | FOKU)

Ikusgarriak dira joaldunak beren koloretako tunturro, isipu eta ardi larruekin. Joare soinuek badute zerbait misteriotsua, indartsua eta sakona. Lurraren taupaden antzekoa. Baina, batez ere, bertakoek besta nola egiten duten sentitzea da ederra Ituren, Zubieta eta Aurtitzen, bizitasun handia baitute Mendaurren magal honetan etengabe mantendu diren inauteriek.

Joaldunak dira ezagunenak, haiek erakarrita etortzen dira urtero Malerrekara hamaika herritako lagunak, baita ikerlari eta kazetari andana ere. Baina ezin ditugu ahantzi beti ondoan izaten dituzten mozorro zirikatzaile eta karroza harrigarriak.

Ganbarara goititu, lau trapu zahar hartu eta pertsonaia magikoak sortzen dira. Aurpegia estaltzeak badu bere intriga puntua: nor izanen ote da? Jendea mugiarazi, ikaratu eta ongi pasatzeko asmoz, urteak daramatza Pakita iturendarrak mozorrotzen. Atzo ere hor zebilen joaldunen inguruan dantzan.

Plazako pasilloa

Eguna hasteko, gosaltzeko bildu ziren bakoitza bere herrian. Aitzineko egunetako giro motelaren aldean, argi ernatu zen natura, eta sabela alaituta, Ituren aldera abiatu ziren zubietarrak isipu eta joareak astinduz.

Bidean, Aurtitzen gelditu ziren. Bertako joaldun eta mozorroak zituzten zain, eta denek elkarrekin segitu zuten desfilea.

Herriko plazan jendetza zuten esperoan. Dunixe Alberro eta Janitz Irigoienek 12na urte dituzte, aurten 13. Iraide Alberrok, berriz, 16. Ttikitatik ateratzen dira joaldun gisa, 4-5 urte zituztenetik, eta «hagitz gustura» ibiltzen dira goiz eta arratsalde bestan. Gazteenek zazpina kiloko pisua zeramaten soinean, Iraidek zortzi kilokoa. GARAri agertu ziotenez, pisua baino esanguratsuagoa da agian bolumena, eta behin martxa hartuta ongi moldatzen dira. «Indarra sartzea da inportantea».

«Kuadrilla handian jotzen ari zara eta plaza osoak pasilloa egiten dizu. Hori hagitz polita da. Animo horiek guziak jasotzen ditugu», deskribatu zuten iturendarrek hunkituta. Errege bezperan ere ateratzen dira, baina «hori ezberdina da; entrenamendu bat».

Hiru herriak elkartzeko unea arrunt polita dela kontatu ziguten. «Batzuetan intentsoa ere bada. Gehiago nekatzen zara joareekin geldirik mugimenduan baino eta oraindik falta da bisitariak iristeko. Latsaga auzoan elkartuko gara denak eta handik plazara etorriko gara». Inauterietan ez dago ordutegirik, hori bertzerik ez genuen behar! Baina horrek ekarri zuen, adibidez, igandean arratsaldeko zazpietan bazkaltzea. Atzo ere ez ziren goiz ibili, hirurak pasata espero baitzituzten bizilagun aurtiztar eta zubietarrak.

Lehenengoz Zubietara

Gaur bisita itzuliko diete iturendarrek aurtiztar eta zubietarrei, eta elkarrizketatu genituen gazteek aurrenekoz eginen dute bidea joareak joz. Orain arte beti autoan joan dira, karrozekin.

«Sufritu egin behar dela erran digute, baina ez da gaur [atzo, astelehena] baino aunitzez gehiago izanen. Kezka bat badugu, halere: hiru herrietan pausoak diferenteak dira. Zubietan mantsoago ibiltzen dira baina gure pauso berean; Aurtitzen, aldiz, salto bat beharrean bi egiten dituzte eta egokitu beharko dugu», azaldu zuten.

Dunixe, Janitz eta Iraidek erantsi zutenez, hunkigarria izanen da Aurtitzen jotzea. Izan ere, Zubietan eta Iturenen naturaltasunez sartu dira neskak joaldunen bestan. «Hemen alde ditugu; Aurtitzen, ordea, zailagoa izaten ari da. Gizon batzuek ez zuten ongi ikusi jotzea eta duela zenbait urte bi neska abiatu zirenean jotzeari utzi zioten. Gogorra da; gure adineko neska aurtiztarrek ilusioa dute ateratzeko baina ez dira ausartzen».

Atzo kasik 80 joaldun izan ziren denera, hiru herriak batuta. Iturenen 50 inguru eta horietatik bederatzi neskak, haurrak kontatuta. Gero eta gazte gehiago daude.

Eider iaz joan zen lehenbizikoz Zubietara joareak astinduz, baina bere bi alabak 3 urtetarako ari ziren jotzen. Gazteena irribarretsu hurbildu zitzaion amari: «Elkarrizketa egin didate!». Eider eta bi alabei argazkia egin zieten, eta hirurak pozik.

erdibiderik ez

Erran dugu Iturengo plaza jendez gainezka zegoela eta tartean ziren, txistorra pintxoa gozatuz, Mari Jose eta Pakito lesakarrak. Hain hurbil bizita gezurra badirudi ere, Mari Josek lehendabiziko aldia zuen. «Urtero etortzekotan, baina orain arte ez naiz animatu», aitortu zigun.

Inauterizalea al den galdetuta, ziur erantzun zigun: «Batere ez! Ez zaizkit deus gustatzen. Ez ditut bizitu ere. Gazteak ginenean ez ginen ateratzen, eskolan ere ez».

Senarra hurbildu zitzaigun eta «ni bai, inauterizale amorratua naiz!», nabarmendu zuen. «Gu Franco denboran ere ateratzen ginen, mairuz. Ezin zen aurpegia tapatu, baina guk tapatzen genuen». Nabari zen bere pasioa, xehetasun guztiekin kontatu baitzigun Lesakan eurena izan zela lehendabiziko karroza. Orduan Sputnik misila bidali zuten errusiarrek espaziora eta Pakitok eta kuadrillak hamar metroko misila eraiki zuten. «Ni errusiarrez nindoan, bertze bat zientzialariz... Argazkiak ere baditugu, justu lehengo egunean ibili nintzen bilaka. Garai hartan ez zegoen argazkiak egiteko ohiturarik, baina guk ateratzen genituen. Inauterietakoak 2.000 bat izanen ditut».

Duela 48 urte ikastolako umeekin Iturenera etorri zirela ere oroitzen da. Gaur egun ateratzen jarraitzen du, nahiz eta ez mozorrotu.

«Harrotua»

Koronabirusaren izurritearen biharamun honetan dena da desberdina, eta Iturenen ere sumatzen zen gogo berezi bat. Joan den larunbatetik daude bestan jada, Williamen ahots urratua horren testigu. Nola sentitzen zen galdetuta, «harrotua!» erantzun zigun, argi eta garbi.

14-15 kilo zeramatzan soinean joare, ardi larru, tunturro eta jantzi guztia kontuan hartuta. Batez ere hankak nekatzen zaizkiola erran zigun 23 urteko gazteak, bizkarra guttiago. Ttikitatik atera da bera ere eta ohituta dago.

Indarrak non hartu ere izaten dute. Ez dute denek parte hartzen, baina talde handi bat izaten da inauterietako otordu guztiak elkarrekin egiten dituena; hau da, larunbatetik asteazkenera arteko gosari, bazkari eta afari denak. Azken egunean kontuak egiteko biltzen dira; mahaiaren bueltan, ez dago erran beharrik.

Bertze inauterizale batzuek nahiago izaten dute otorduak beren kasa egin. Plazara jaitsi eta beti aurkitzen dute lagunen bat jan-edan eta solasaldi goxo bat konpartitzeko. Izan ere, badira modu ezberdinak joare soinuak aditzeko eta guk halaxe sentitu dugu: oinak taupaka, sabela bor-bor.