GARA
BILBO

Berriztagarriek eta ikatzak bermatu dute argindarraren ekoizpena Europan

Prebisioek ziotenaren kontra, 2022an Europan argindarra ekoizteko orduan arazoa ez da gas falta izan, nuklearraren eta hidroelektrikoaren beherakada baizik. Eguzki energiak eta energia eolikoak elektrizitatearen %22 sortu dute, marka berria ezarriz. Ikatzaren kontsumoak ere gora egin du ordea, CO2ren isurketa orokorrak %4 handituz.

Tuterako eoliko eta eguzki energia instalazioa.
Tuterako eoliko eta eguzki energia instalazioa. (Jagoba MANTEROLA | FOKU)

Energia eolikoaren eta eguzki energiaren batura Europar Batasunean sortutako energiaren %22ra iritsi zen 2022an, aurreko urteko %19tik jauzi esanguratsua eginez. Errekorra da, eta lehen aldiz, gasarekin sortutako energiari irabazi dio. Izan ere, Europan elektrizitatearen %20 sortu zen gasarekin, Ember analisi zentroaren “European Electricity Review” ikerketaren arabera.

Baina, albiste on honekin batera, ikatzaren gorakada ere erakusten dute datuek, Emberrek urteko azken lau hilabeteetan kontsumoaren beherakada nabarmendu badu ere. Urteko balantzean, argindarraren %16 sortu zen ikatzarekin, eta %14,5 aurreko urtean. Gogoratu behar da, berotze globala eragiten duten gas gehien isurtzen duen lehengaia dela ikatza. Horregatik, nahiz eta haize eta eguzki energiak errekorrak lortu, elektrizitatearen sektoreko isurketak %4 hazi ziren 2022an.

Berriztagarri eta ez berriztagarrien arteko balantzan, iaz Europan sortutako elektrizitatearen %61,4 jatorri fosilekoa izan zen, eta %38,6 berriztagarria. 2021ean, banaketa %62,7 eta %37,3 izan zen. Berriztagarriek aurrera egin zuten 2022an, beraz, baina nahiko modu xumean.

Emberren analisiak ezagutzera eman duenez, Europak elektrizitatearen sektoreko krisi hirukoitz bati aurre egin behar izan zion 2022an. Hala, Europa bere gas hornitzaile nagusiarekin loturak eteteko borrokan ari zela, azken bi hamarkadetako maila hidroelektriko eta nuklear baxuenei aurre egin behar izan zien, eta horrek Europako elektrizitate eskari osoaren %7ko defizita eragin zuen 2022an. Parke nuklearraren arazoak, uranioa lortzeko zailtasunak eta lehortea izan dira beherakada honen arrazoiak. Hidroelektrikoa %12tik %10era igaro zen, eta nuklearra, %25etik %22ra.

Horrela, haize eta eguzki energiaren hazkundeak hidraulikoaren eta nuklearraren defizita arintzen lagundu zuen. Eguzki energiaren sorkuntza hazi zen gehien, %24 2022an, aurreko errekorraren ia halako bi, eta gasaren erosketan 10.000 milioi euro aurreztea ahalbidetu zuen. Guztira, EBko hogei estatu kidek markak hautsi zituzten eguzki energiaren sorkuntzan.

Bestalde, elektrizitate eskari txikiagoak ere defizit hori arintzen lagundu zuen. Zehazki, EBko elektrizitate eskaria %7,9 jaitsi zen 2022ko azken hiruhilekoan, aurreko urteko aldi berarekin alderatuta. Emberrek dio klima epela faktore erabakigarria izan zela, baina prezioaren inguruko presioek, seguruenik, eragina izan zutela nabarmendu du, eraginkortasun energetikoaren hobekuntzekin eta krisi garaian energia eskaera murrizteko elkartasunez jardun zuten herritarrekin batera.

Gasaren sorkuntza ez da apenas aldatu

Txostenak ondorioztatu duenez, agian harrigarriena da gasaren sorkuntza apenas aldatu zela (%0,8 bakarrik) 2022an, 2021eko datuekin alderatuta, nahiz eta prezio altuen errekorrak izan. Gas fosilak EBko elektrizitatearen %20 sortu zuen; 2021ean, %19.

Emberrek uste du industriaren azken jarraibideek iradoki dutela 2023rako Europako trantsizio eolikoa eta eguzkiarekikoa bizkortu egingo direla energia krisiari erantzuteko, eta hidraulikoa eta nuklearra suspertu egingo direla Frantzian. Horrela, Emberrek ondorioztatu du ekoizpen fosila %20 amildu daitekeela 2023an, 2020ko errekorraren halako bi. Era berean, espero du ikatzaren sorkuntza murriztea; eta gasaren sorkuntza gehien eroriko dena izango dela uste dute. Datuek baieztatu beharko dituzte, datozen urteetan, aurreikuspen hain baikorrak.