Mañeru eremu mistoan sartzeari uko egin diote Legebiltzarrean
Mañeru herria eremu ez-euskaldunetik mistora pasatzeari ateak itxi zizkion Nafarroako Legebiltzarrak, PSN eta Navarra Sumak botoak batu eta ekiditeko gehiengoa erdietsi ondoren. Herriak osoko bilkuran horretarako borondatea azaldu du.

Nafarroako Legebiltzarreko osoko bilkurak atzera bota zuen atzo Navarra Sumaren eta PSNren botoekin, 1996ko Euskararen Foru Legea aldatu nahi zuen lege proposamena, Mañeru eremu mistoan sartzea ahalbidetzeko. Geroa Bai alderdiko Jabi Arakamak EH Bildurekin, Podemosekin eta I-Erekin batera sinatutako ekimena defendatu zuen, Mañeruren eskaerari erantzuteko, alegia, eremu mistoan sartzeko. Neurri hori defendatzen duten herritarrei «eskubideak zabaltzea» dagoela oinarrian esan zuen, eta joan den mendeetan udalerri euskaldun gisa izan duten aintzatespena berreskuratzea.
Horren harira, gogorarazi zuen Garesko eskola publikoan matrikulatutako Mañeruko ikasleen %64k euskaraz ikasten dutela, D ereduan, eta gainerakoek euskara A ereduan. Beraz, eremu mistoak duenaren moduko «legezko estaldura» ematea eta eskubideak zabaltzea da helburua, «euskaraz hitz egiten ez dutenei kalterik egin gabe». «Mañeru ez da erdal uharte elebakarra inguru euskaldun batean», adierazi zuen Arakamak, eta nabarmendu zuen bere bilakaerak zerikusi handiagoa duela eremu mistoarekin eremu ez-euskaldunarekin baino. Beraz, proposamena «errealitate soziolinguistikoarekin guztiz bat datorren aldaketa da, zonako irizpidea betetzen du» eta «herriaren borondatearekin bat dator». Hori dela eta, PSNren babesa eskatu zuen, udal autonomiarekiko errespetua eskatu baitzion.
Lege proposamenaren aldeko txandan, Bakartxo Ruiz EH Bilduko kideak PSNri galdetu zion «zein den arazoa», zein den «eskandalua», Mañeruko Udalaren eskaerari «atea ixteko», eta «karramarroaren politika», hau da, «dagoenari eustea edo, are gehiago, kontra egitea bilatzen duena», nahiz eta errealitate soziolinguistikoak aurrera egin duen, «ez baitago bere erresistentzia ulertzeko modurik».
Ainhoa Aznarez Podemoseko kidearen ustez, «altxorra» da Nafarroan berezko bi hizkuntza izatea, eta «azaltzeko zaila» deritzo Mañeru eremu mistoan ez sartzea. Beste hainbeste adierazi zuen I-Eko Marisa de Simonek, bere taldeak «Mañeruko herri ordezkarien ahobatezko erabakia bere gain» hartzen zuela adieraziz.
NA+ eta PSN
Ekimenaren aurka, NA+eko Iñaki Iriartek defendatu zuen «gaztelania dela oraindik ere Mañeruko herritar gehienen ohiko hizkuntza», nahiz eta onartu «euskaldunen ehunekoa hazi» egin dela. Errealitate soziolinguistikoa aldakorra dela argudiatuz, ondorioak kontuan hartu behar direla esan zuen, adibidez, udal lanpostuak balioesteko edo irakaskuntzako komunikazio hizkuntza gisa baloratzeko.
PSNren izenean, Inmaculada Juriok Geroa Bairi leporatu zion auzia aurreko legegintzaldian defendatzeko gai ez izana, «konplexuengatik» edo «kudeaketa txarragatik».

De la lucha anti-ETA a la UCO, un camino muy transitado

Grandes corporaciones han acogido a agentes de las «cloacas del Estado»

La marcha de Tubilla destapa la enorme marejada en las filas del PNV

Ordenaron parar citas con casos de Iztieta y hubo peticiones de silencio
