GARA
BILBO

Bizkaiko Metalgintzako hitzarmena sinatu dute sindikatuek eta FVEMek

Asteazkenetik iragarrita zegoen moduan, atzo sinatu zuten Bizkaiko Metalgintza alorreko 50.000 langile baino gehiagori eragingo dien lan hitzarmena CCOO, LAB eta UGT sindikatuek eta FVEM patronalak. Bitartekaritza lanak egin dituen Lakuako Gobernua pozik agertu da. ELAk «hitzarmen eskasa» dela salatu du.

CCOO, LAB eta UGT sindikatuek eta FVEM patronalak Metalgintzako Bizkaiko lan hitzarmena sinatu zuten atzo.
CCOO, LAB eta UGT sindikatuek eta FVEM patronalak Metalgintzako Bizkaiko lan hitzarmena sinatu zuten atzo. (Oskar MATXIN EDESA | FOKU)

Lakuako Gobernuaren bitartekaritzapean, Bizkaiko Metalaren hitzarmena berritzeko akordioa sinatu zuten atzo Bilbon LAB, CCOO eta UGT sindikatuek eta FVEM patronalak. Horrela, 11 greba egun eta hogeitik gora bilera ekarri dituen negoziazioa bukatu da.

Lau urterako akordioa da, 2022tik 2025eko abenduaren 31ra. %6,5eko soldata eguneraketa adostu dute iazko urterako; %4koa aurtengo; %2koa 2024rako, eta %2,5ekoa 2025erako. Guztira, %15eko igoera da. Gainera, 2025a amaitutakoan, KPIaren igoera handiagoa izan bada, 2026ko urtarrilean haren araberako eguneraketa egitea adostu dute sinatzaileek.

Soldaten igoeraz gain, beste puntu hauek ere sartu dira sinatutako akordioan: Telefono lineen eta zuntz optikoaren instalazio eta mantentze lanetako beharginen subrogazioa; baimenak eta lizentziak lanegunetan hastea, eta horiek baliatzeari dagokionez, jurisprudentziak ezarritakoari jarraitzea; 28.000 eurora arteko hobekuntza istripuagatiko ezintasun eta heriotza aseguruetan; jazarpen protokoloetan LGTBI+ pertsonak sartzea; eta norberak libre hartzeko 8 ordu, horietatik 4 berreskuraezinak.

«Langileen garaipena izan da, inork ez du ezer oparitu»

NAIZ Irratian egindako elkarrizketa batean, Iratxe Azkue LABeko ordezkariak «bakarrik hobekuntzak» ekarriko dituen akordioa dela nabarmendu zuen. «Negoziazioaren hasieratik, langileen eskubideetan atzerapausoak eragiten zituzten neurriak baino ez zituen baloratzen patronalak, baina ez du lortu. Horren aurrean, KPIaren arabera aurreikusiko dira soldatak, eta hori oso garrantzitsua da», azaldu zuen.

Halaber, akordioa lortu bada, Lakuaren bitartekaritzagatik baino, langileengatik izan dela argi utzi zuen: «Langileen garaipena izan da, inork ez digu ezer oparitu». Bide horretan «borrokak merezi» duela nabarmendu zuen Azkuek.

Luis Mouliaa CCOOko ordezkariak ere eskerrak eman zizkien langileei «borrokagatik», eta pozik agertu zen urte «gogor» baten ostean lortutako akordioarekin. «Patronala saiatu zen beldurra sartzen eta hitzarmen berrian aurrerapenak ekiditen, baina ez du lortu», nabarmendu zuen.

Era berean, UGTko Jose Maria Rojok baloratu zuen sektorean ez dagoela lan baldintzen murrizketarik eta «hitzarmena ez sinatzearen ondorioz sor litekeen ziurgabetasuna» konpontzen dela.

«Ahalegin handia» dakarrela dio patronalak

FVEMek dio «ahalegin handia» egin beharko dutela enpresek, baina «etorkizunarekin, industriarekin eta sektorean lan egiten duten pertsonekin konpromiso osoa» dutela eta horregatik sinatu dutela akordioa.

Ordea, LABen ustez, patronala «behartuta» egon da akordioa sinatzera, besteak beste, «ez duelako greba gehiago izaterik nahi» eta langileak «tinko» ikusi dituelako akordio duin bat lortzeko borrokan.

Elena Perez Barredo Lakuako Laneko sailburuordeak zoriondu egin zituen sinatzaileak, enpresei eta langileei «ziurtasunak eskaintzen dizkien hitzarmen berri bat adosteagatik». «Egun garrantzitsua da metalarentzat, sektore esanguratsua baita, askok begiratzen duen ispilua», esan zuen.

Bestalde, ELAk deitoratu egin zuen CCOOk, LABek eta UGTk «protagonismo politikoa ematea Eusko Jaurlaritzari, hitzarmen eskasa sinatuta». Gainera, «ulertezintzat» jo zuen Lakuako Gobernuari «behin betiko akordioa irudikatzeko orduan eman zaion protagonismoa». «Gatazka hasi zenetik, patronalarekin batera bere interesak defendatu dituen gobernu bati buruz ari gara», adierazi zuen.