GARA
DONOSTIA

70 urteko Gregorio Eskudero presoa etxeratzeko eskatu dute Orion

Eskuderoren etxeratzea eskatzeko mobilizazioa.
Eskuderoren etxeratzea eskatzeko mobilizazioa. (Gorka RUBIO | FOKU)

Gregorio Eskudero preso oriotarrak espetxean 21. urtea beteko du aurki. Zigorra betetzeko bederatzi urte falta zaizkio. 2002an atxilotu zutenetik lehen graduan izan dute 70 urteko presoa. Egun, Dueñaseko kartzelan (Palentzia) dago eta Urola Kosta eskualdeko presoen artean Euskal Herriratzeko geratzen den bakarra da. Bere urruntze egoera salatu, babesa adierazi eta hona ekar dezatela eskatzeko manifestazio jendetsua egin zuten atzo eguerdian Orion, Sare Herritarrak deituta.

Mobilizazioaren amaieran Inaxio Oiarzabalek hartu zuen hitza Sareren izenean eta gogorarazi zuen 34 urteren ondoren oraindik indarrean dagoela urruntze politika. Azken urteotan norabide honetan «pauso handiak» egin direla nabarmendu eta «zorionez, ia euskal preso guztiak» Euskal Herrian daudela txalotu zuen.

Denak etxean izan arte

Urte hauetan guztietan urruntzeak eragin dituen 16 hildakoak eta ekarri duen «izugarrizko sufrikarioa, koste psikologiko, fisiko eta emozional handia» aipatzeaz gain, Sareko eledunak gogoratu zuen ostiralean jakinarazi ziren azken mugimenduen ostean zazpi preso geratzen direla oraindik gerturatzeko, tartean Gregorio Eskudero.

«Bada garaia urrunketaren mamua atzean uzteko, salbuespenezko legedia atzean utzi eta lege arrunta aplikatzen hasteko. Bada garaia mendeku eta gorrotoan oinarritutako neurriak desagertzeko, elkarbizitza guztion artean eraikitzen hasteko. Horrela izan arte guk lanean jarraituko dugu, Gregorio eta geratzen direnak Euskal Herrira ekarri arte eta denak etxean izan arte», amaitu zuen Oiarzabalek.