Zuriñe IGLESIAS SARASOLA
PILOTA

Elordi eta Zabaleta nagusi izan dira Idiazabalen, eta finalerdietara pasatu dira

Bizi-bizi jokatu dute gorriek, bereziki Elordik, bederatzi tanto egin baititu, eta horietatik zortzi airez. Peña II-Eskiroz ezinean ibili dira neurketa osoan.

Jose Javier Zabaleta, aurreko jardunaldi bateko partida batean.
Jose Javier Zabaleta, aurreko jardunaldi bateko partida batean. (Iñigo URIZ | FOKU)

Aitor Elordik eta Jose Javier Zabaletak Binakako Txapelketa osoan erakutsi duten nagusitasuna erakutsi zuten atzo Idiazabalen Jon Ander Peña eta Iosu Eskirozen aurka, eta hala, finalerdietarako txartela lortu dute. Gorriak izan ziren nagusi partidan; bizi-bizi jokatu zuten, bereziki Elordik, bederatzi tanto egin baitzituen, eta horietatik zortzi airez. Demako momentu batean ere ez zen egon zalantza izpirik haiena izango zela jokoan zegoen puntua.

Hala ere, Peña II.a eta Eskiroz bukaerara arte borrokatu ziren, baina ezinean ibili ziren; ezin erasora joan, eta ez zuten beste aukerarik defentsan aritzea baino. Tolosarra ahalegindu zen jokoan sartzen, eta partzial on bat egin zuen markagailuan 16-4 zihoazenean bost tanto segidan eginez, zoragarriak, gainera. Eskirozek, bestetik, joan den jardunaldian erakutsi zuen maila ezin izan du errepikatu, Zabaleta bezalako aurkari bat parean izanda ez delako lan erraza.

Partida hasieran bete-betean sartu ziren gorriak, bi partzial on lortuta. Lehena, 4-0 aurrea hartuta markagailuan, eta bigarrena, are hobeagoa, zortzi tanto jarraian egin baitzituzten, tartean Elordik ezkerrarekin egindako dejada paregabea txokora, eta eskuinetik ezkerrerako gantxoa, 16-3.

Peñak eta Eskirozek, markagailuan zegoen aldea ikusita, ez zuten etsi, eta ekinean jarraitu zuten, euren partidako partzialik onena sinatzeraino. Bost tanto jarraian egin zituzten urdinek, eta tolosarrak bata bestearen atzetik pilotakada zoragarriak sartu zituen; txokora, airez zabalera, eta dejada bat, tarteko, 16-9.

Markagailuan, ordea, urdinak urrun zeuden gorriengandik, eta Peñaren bolada ona etetea lortu zuen Elordik, gantxo on batekin, 17-8. Hemendik aurrera, egindakoek baino, hutsegiteek erabaki zuten partidaren amaiera. Hala, 22-11 bukatu zuten.

JAKA-ARANGUREN GARAILE

Ezustekoa eman zuten atzo Labriten Jaka eta Arangurenek, P. Etxeberria eta Rezusta mendean hartuta, 22-16. Lizartzakoak txapelketako partidarik onena jokatu zuen, eta, horri esker, ligaxkako bigarren garaipena lortu dute. Besteek balizko puntua galdu zuten atzo.