Julen MURGOITIO
ZORROZTARRIA

Kaikukeria zirkularra

Joareak berriro astindu Malerrekan, etorri datorren inauteri seinale. Mozorro sasoi ofiziala, ofiziozko politikan urte osoa hartu arren, areago boto usainarekin. Total, ditxosozko ekonomia zirkularrarena pasa zait burutik, kanten letrak letra. Horra, Iturengo arotzarena, santurik ezin litekeela harekin fidatu, nor eta San Kristobal bera urtuta joareak egin! Ez esan ekonomia zirkular zer horren adibide bikaina ez denik, brontzetik brontzera lehengaiari bizi berri bat eman! Umetxo hark lahar artean aurrean ikusi zuen lore presoari eman bezala, bizi berria, arantzak kenduta!

Baten batek ekonomia zirkularraren zantzua ikusiko du Bilboko portutik ekialdera bidaltzeko diren ibilgailu blindatuen kasuan. Bizi berri bat eman txatarrari, guda zelairako bada ere; hori bai, karrozeriako arantzak kenduta! Azken finean, globalizazio garaiko gerrak berez dira zirkularrak, metalen manufakturak iraun dezan, jasangarri! Ez dira tankeak baina tankeetakoak hornitzeko bai, omen. Amen! Eta tankeena esan dudala, akaso jarriko diete aurreko kanoian San Blaseko kordoia? Hori eta makinista bera kaikuz jantzita, polita gero gerra … Ama, ama, zergatik jaio nintzen zibila eta ez militarra!

Eta kolpea hau ere, hango Montana hartako aire eremuan ikusi duten globoarena. Ez dela meteorologikoa! Espioia ei da! Txinarena, kapsulan ageri den telefonoari erreparatuta! Aita, aita, gero eta ezagunagoak dira objektu hegalari ezezagunak! Izarren hautsa egun batean bilakatu zen bizigai… zirkularrarena berriro buruan! Lezetxikikoa bezala, laster, noiz esaterik ez bada ere, hiriburutik hiriburura di-da batean lurpetik doazela aukera izango dute leihotik hango aztarnategia di-da ikusteko, debaldean … Irulegiko eskua jarriko nuke nik tunel askoren sarreran “kieto parau” esateko! Kaiku zirkular halakoak!