GARA
BILBO
PALA

Necolen lehen txapela Buruz Burukoan

Dan Necolek gogotik ospatu zuen garaipena.
Dan Necolek gogotik ospatu zuen garaipena. (O. MATXIN EDESA)

Atzetik aurrera joan zen Dan Necol. Aurretik atzera, bestalde, Ibai Perez. Nekeak sekulako eragina izan zuen Sestaoko pilotariarengan eta galdu egin zuen; hirugarren set estu baten ondotik gainbeheran joan zen bizkaitarra. Fisikoki nagusi izan zen frantziarra eta, tarteka akats batzuk egin zituen arren, laugarren eta bosgarren setak ere bereganatu zituen (10-4, 10-8, 9-10, 5-10 eta 8-10). Bilboko Bizkaia pilotalekuak, ezbairik gabe, emozio handiko finala bizi izan zuen, gozagarria bertan batu ziren ehunka zaleentzat.

Ibai Perezek eskuekin igurtzi zuen bere hirugarren txapela Banakakoan. Lehen bi setak nagusitasunez irabazita -batez ere lehendabizikoa-, 9-9 berdinketa ezarri zuen hirugarrenean, alde fisikoa huts egiten hasi zenean teknikari zukua ateraz. Baina hirugarren setean hankak ahultzen joan zitzaizkion, puntuek izan zuten exijentziagatik. Necolek alde batetik bestera eta aurretik atzera mugiarazi zuen bizkaitarra, nekatzeko asmoz, eta nolabait lortu zuen.

Perezek ez zuen amore eman eta, arriskuak hartuta, markagailuan gertutik jarraitu zion frantziarrari, jakitun hirugarren seta galduz gero beste biak irabaztea are zailago izango zuela. Tantoa alde eduki zuen hirugarrena irabazi eta, hain zuzen ere, Buruz Buruko bere hirugarren txapela janzteko, baina Dan Necolek zabalera sekulako pilota jaurti zuen eta ezinezko izan zuen Perezek.

BOSGARREN SETERA ARTE

2-0etik 2-1era pasatu zen partida eta oraindik frantziarrak ere lan asko egiteke zuen arren, kolorez aldatu zen lehia. Are gehiago, Perezek laugarrengoan erakutsi zuen ezintasunarekin. Teknikak salbatu zuen, baina buruarekin «ezetz» esaten jarraitzen zuen, ezintasunaren sintoma argia. Hala, laugarrenean amore eman eta indar guztiak set erabakigarrienean jartzeko hautua egin zuen.

Gaizki hasi zuen azken seta (0-1). Nolanahi ere, trebetasunean onena da Perez. Hala nabarmentzen zuen frantziarrak berak ere material aukeraketan. Fisikoa huts egiten hasten denean ere «gertutik zaindu» beharreko pilotaria dela, alegia. Ohartu orduko, aginte makila hartu zuen Sestaokoak (6-3) eta partida bere alde jarri zuen (8-6).

Azken txanpan, baina, Perezek ezin izan zuen loria ukitu eta Necolek, lau tanto jarraian eginda, bosgarren set erabakigarria bereganatu eta bere lehendabiziko txapela jantzi zuen.