Alaia SIERRA
GASTEIZ

Arana Klinikan mendekotasuna dutenei arreta ematea eskatu diote Madrili

Gobernu espainolak Gasteizen duen ordezkariordetzan eskaera bat erregistratu zuten atzo, Madrilek errefuxiatuak hartzeko zentro bihurtu nahi duen Arana Klinika mendekotasuna duten pertsonentzako zentro gisa irekitzeko eskatuz. Zehazki, 2. eta 3. graduko alzheimerra duten pertsonentzako 50 plaza eta lehenengo graduko alzheimerra duten 40 pertsonarentzako eguneko zentroa eskatu zuten.

Agiria entregatu ondoren ordezkariordetzaren aurrean kontzentrazioa egin zuten Babestu eta Zazpigarren Alaba elkarteek deituta, duela bi aste klinikaren atarian egin zuten bezala, Guillermo Pereak azaldu zuenez, aldarrikapena duela hamar urte baino gehiagokoa da-eta.

Hirian alzheimerra duten 5.000 pertsonak «bakarrik» daudela salatu zuen Pereak eta eskatutako 50 plazak «huskeria» bat direla esan zuen. Arana Klinika aldarrikatzen duten zerbitzurako «prestatuta» dagoela defendatu zuen eta «immigrazioaren eztabaidan» ez direla sartuko ohartarazi zuen.

Idazkian zehazten dutenez, joan den azaroaren 28an, Arabako Osasun Mentaleko Zuzendaritzan, Osasuneko Lurralde ordezkaritzan, Osakidetzan eta Foru Aldundian eskaera bana erregistratu zuten. Aldundiak gaixotasun hau dutenak osasun zentroetan artatzen direla erantzun die. Perearen hitzetan, «erantzukizuna saihesten ari dira».

Judimendikoak, Erreka Txiki, Gasteiz Txiki, Uribe Nogales, Zazpigarren Alaba, Hegoaldekoak eta Bizi Lakua auzo elkarteek sinatu dute Denis Itxasori helarazitako gutuna, baina «hiri osorako» zerbitzua izango litzatekeela azpimarratu zuten agerraldian.