Peli LEKUONA
EIBAR
Entrevue
Santiago gonzalez
Pasaiako segadako biktimen abokatua

«Litekeena da ezetz, baina lortuko balitz aurrerapauso itzela litzateke»

NAIZ Irratiak oroimen historikoari eskaintzen dion tartean, “Hemen gertatu zen” saioan, Pasaiako segada izan da asteon hizketagai. Bertan izan da Santiago Gonzalez, Polizia espainolak egindako sarraski haren biktimen familiako abokatua.

Pasaiako sarraskiaren urtemugako ekitaldi bateko irudia, 2021eko martxoaren 21ean.
Pasaiako sarraskiaren urtemugako ekitaldi bateko irudia, 2021eko martxoaren 21ean. (Gotzon ARANBURU | FOKU)

Martxoaren 28an, Pasaiako segadan parte hartu zuen polizietako bat identifikatzeko aukera izango du sarraski hartatik bizirik ateratzea lortu zuen lekuko bakarrak. Santiago Gonzalezek, biktimen senideen abokatuak, «zaila» izango dela dio, baina azpimarratu du «borrokari esker kasua irekita dagoela berriro».

Auzitegiak behin eta berriz saiatu dira Komando Autonomo Antikapitalistetako lau lagunen heriotza eragin zuen 1984ko martxoaren 2ko gertakari haren ikerketa bazter uzten, baina sarraski hartatik bizirik ateratzea lortu zuen Joseba Merinok RTVEren webgunean polizietako batzuk identifikatu ostean kasua argitzeko bide berri bat ireki da.

Gonzalezen ustez, «zaila» izango da martxoaren 28rako deitu duten identifikazio saio horretan Merinok orduko polizia hura ezagutzea. «Litekeena da inor ez identifikatzea. 40 urte pasatu dira, agian beste itxura bat daukate gaur egun, halako saioetan berme guztiak bete behar dira eta antza daukaten pertsonak jarri ohi dira. Beraz, bere zailtasunak izango ditu», agertu du. Hala eta guztiz ere, baieztatu du identifikatzea lortuko balitz «aurrerapauso itzela» litzatekeela auzian. Hori dela eta, «sentsazio kontraesankorrak» dituela onartu du Gonzalezek.

Martxoaren 28an orotara zazpi pertsona izango dituzte aurrean Joseba Merinok eta Rosa Jimenok (hau ere Pasaiako segadaren testigua) Donostiako epaitegietan. Egun horretan hainbat elkartek mobilizazioak antolatuko dituztela iragarri du Gonzalezek, eta horietan parte hartzeko deia egin die herritarrei.

Senideen abokatuak urte hauetan guztietan kasua argitzeko izan dituzten oztopoak gogora ekarri ditu: «Hau ezerezean geratzeko joera handia izan da, baina familiaren eta ingurukoen borrokari esker kasua irekita dago berriro eta indar hori daukagu aurrera jotzen saiatzeko behintzat. Gutxienez kasuari buruz hitz egiteko eta memoria zabaltzeko aukera dago».

Behin baino gehiagotan artxibatu da auzia; «esaten zen baietz, delitu bat bazegoela, bizitzaren aurkako lau delitu eta, beraz, hori ikertu egin beharko litzatekeela, baina ez genuen aztarnarik erruduna nor izan zen jakiteko. Hori izan da auziaren planteamendua», kontatu du.

Oraingoan, baina, ohiz kanpoko egoera itxaropentsu batean aurkitzen dira senideak. «Identifikatzeko aukerak hautsi egiten du planteamendu hori eta gutxienez aukera bat ireki da norbait identifikatu ahal izateko», nabarmendu du abokatuak.

Preskribatu gabe

1984ko martxoaren 2an Pasaiako Badian izandako poliziaren segadari esaten zaio Pasaiako sarraskia. Egun hartan Pedro Mari Isart “Pelitxo”, Rafael Dalas “Txapas”, Dionisio Aizpuru “Kurro” eta Jose Mari Izura “Pelu” Komando Autonomo Antikapitalistetako kideak hil zituen tiroz espainiar Poliziak.

Senide eta ingurukoek urte luzez egin dute kasua argitzeko saiakera. «‘Dokumentazioa ez dago, galdu egin da, zaharkitua dago...’ horiek izan dira beti erantzunak», gaitzetsi du Santiago Gonzalezek

Kasua preskribatzeko arriskua mamu baten gisan aurkeztu da urte hauetan guztietan, baina, zorionez, «ez dago preskripziorik», abokatuak NAIZ Irratian azaldu duenez. «Izan ere, izen-abizenez ez dakigu nor diren, baina bai Espainiako Poliziako kideak direla. Horrek ikertzen jarraitzeko aukera irekita mantendu du», gaineratu du.