GARA
BILBO

Gidabaimena 17 urtetik aurrera Euskal Herrian, baina baldintza batzuekin

Bruselak 17 urtera aurreratu nahi du autoak eta kamioiak gidatzeko baimena ateratzeko adina. Neurria jada aplikatzen da Europako zenbait herrialdetan, hala nola Estatu frantsesean 90eko hamarkadatik, eta honek egoera desberdina sortzen du euskal herrialdeetan: Ipar Euskal Herrian posible da 16 urtetik aurrera gidatzea, «lagundutako gidaritza» formulan, eta Hego Euskal herrian, berriz, 18 urtera arte itxaron beharra dago.

Erreformak aurrera egiten badu, eta Espainiako Estatuko Trafiko Zuzendaritza Nagusiak ez badu oztoporik jartzen, zazpi herrialdeetan gutxieneko adina berdinduko litzateke. Hori bai, bete beharreko arau batzuekin: Europar Batzordeak bere proposamenean planteatzen du gazteek beti ondoan 25 urtetik gorako gidari bat izan beharko dutela, gutxienez duela bost urtetik baimena duena, adin-nagusitasuna bete arte, eta alkoholarekiko «zero tolerantziako» arau bat ere ezarriko litzateke, bi urtez.

Frantziar Estatuan ez ezik, Europako beste herrialde batzuetan ere ezarrita dago 17 urteko gutxieneko adina. Hala gertatzen da Alemanian, Irlandan, Hungarian eta Islandian.

Baliteke berritasunak aldaketa handirik ez ekartzea, Hego Euskal Herrian gidabaimena lortzeko batez besteko adina atzeratzen ari baita. Hau da, gazteen artean ez dirudi gidatzeko presa -edo aukera- handirik dagoenik.

Trafiko Zuzendaritza Nagusia Bruselak proposatutako neurriaren alde agertu da, baina zalantza batzuk agertu ditu, espainiar Estatuan ez baitago «lagundutako gidaritzan» esperientziarik.