GARA
DONOSTIA

Euskal identitateaz hausnartuko du Barandiaran Katedrak

Jose Migel Barandiaran antropologo eta etnografoak arrasto sakona utzi zuen Euskal Herrian eta nazioartean, eta hark irekitako bideari segida emateko sortu da bere izena daraman Katedra. Euskal kultura eta identitateari buruzko gogoeta sustatzera dator.

Jose Migel Barandiaran, antropologo eta etnografoa.
Jose Migel Barandiaran, antropologo eta etnografoa. (JOSE MIGEL DE BARANDIARAN FUNDAZIOA)

Euskal kulturaren eta euskal identitatearen gogoeta eta transmisioa sustatzeko xedez sortu du Jose Migel Barandiaran Katedra Euskal Herriko Unibertsitateak (EHU), Gipuzkoako Aldundiarekin, Ataungo Udalarekin, Eusko Ikaskuntzarekin eta Jose Miguel de Barandiaran Fundazioarekin elkarlanean.

Katedra atzo aurkeztu zen Donostiako EHUko Carlos Santamaria Zentroaren areto nagusian egin zen ekitaldi mamitsuan, eta bertan zerrendatu zituzten Katedra honek barnean biltzen dituen asmoak.

Azaldu zutenez, Katedraren helburu nagusiak izango dira, batetik, Jose Migel Barandiaran Aierberen (Ataun, 1889-1991) izena eta izana bultzatzea, haren obraren, ondarearen eta hark landutako ikerketa esparruen azterketa zientifikoa sustatuz eta egindako ekarpenak aitortuz; eta, bestetik, euskal kulturari eta euskal identitateari buruzko gogoeta eta transmisioa sustatzea, aita Barandiaranek ezarritako nortasun oinarriak ezagutaraziz, eta oinarri horiek gaur egungo gizartearekiko elkarrekintzaren bidez eguneratuz.

Aurkezpenean gogora ekarri zuten Jose Migel Barandiaran antropologo, etnografo eta apaizak Euskal Herrian eta nazioartean utzitako arrastoa, betiko galtzeko zorian ziren aztarna, usadio eta esamoldeak aztertzeko eta ahanzturatik salbatzeko egindako lan eskergan azpimarra jarriz.

Urte luzetan zientziaren metodoak erabiliz egindako berebiziko ikerketa lanaren ondorioz, elkarte askotako kide izendatu zuten eta sari ugari jaso zituen: horien artean, honoris causa doktore izendatu zuten Euskal Herriko Unibertsitateak, Gasteizko Teologia Fakultateak, Deustuko Unibertsitateak eta Madrilgo Complutense Unibertsitateak.

Besteak beste, Gipuzkoako Urrezko Domina, Gernikako Arbolaren Gurutzea eta Nafarroako Urrezko Domina ere jaso zituen.