Amaia EREÑAGA
BILBO
Entrevue
ANARI
Musikaria eta idazlea

«Hemen hainbeste denboran jarraitu nauen eta euskaraz ez dakien jendea ere badago»

”Demoliciones controladas” (Pepitas de Calabaza) erabateko bitxikeria bat da: euskal musikari baten kanten antologia, gaztelaniazko publikoari zuzendua -testuak euskaraz eta, aldamenean, gaztelaniara itzulita, “ispilu” efektua eginez- eta Errioxako argitaletxe batek kaleratua. Anari Alberdik (Azkoitia, 1970) argi du «opari bat» dela.

(Jon URBE | FOKU)

«Hemen nire hitz guztiak daude», dio Anarik. Nervión tabernaren mahaiaren gainean “Demoliciones controladas” liburua dago. Lau bat hilabete baino ez dira pasatu “Gari eta goroldiozko” (Susa), bere lehen nobela, kaleratu zuenetik. Prosa poetikoa, mamitsua, indar emozionalez blai, irakurketa gurutzatuez betea eta Anariren kanten unibertso metaforikotik arnasten duena.

“Demoliciones controladas” beste zerbait da. 26 urteetako ibilbidean Anarik idatzitako kantak, hitzak, biltzen dira, era kronologikoan. Bidaia “Anari” (Esan Ozenki, 1997) diskoan du abiapuntu eta “Orain entzungo duzun hau” (Bidehuts, 2021) singlean bukatzen da. «Hemen poesia dago», bota zioten Pepitas de Calabaza-koek. Proposamena Logroñon errotutako argitaletxe honek berak luzatu zion; hots, «zinexin batek baino proiekzio txikiagoa duen argitaletxeak». Horrela definitzen du bere burua orain justu 25. urteurrena betetzen duen argitaletxe honek; definizioa ez dator bat errealitatearekin, noski. Bernardo Atxagaren hitzaurrea du liburuak, Iñigo Astizek “antolatu” du -«esan nuen: behar dut norbait nire letrak nik baino gehiago maite dituena», argitu du Anarik- eta Anarik berak itzuli ditu letrak.

Kanten aukeraketa bat egiteko beta zenuen, baina ez duzu egin. Era kronologikoan sartu dituzue. Hala ere, ez dituzu berdin ikusiko hasierako letra horiek, perspektiba aldatzen baita denborarekin.

Printzipioz ez nuen nahi ordena kronologikoa izaterik; norbaiti emango banizkion nire lehen bost letrak irakurtzeko ez lirateke izango nire lehen bi diskokoak. Baina kontziente nintzen testu bakoitzak bere idiosinkrasia duela. Garai horretan indarra izan zuten kanta horiek eta, beraz, oraindik zerbait daukate; eta zuk 25 urteekin idazten dituzu, baina orain badago 25 urtekoak entzun eta irakurtzen dituztenak. Orduan bada leku bat elkartzeko. Azken erabakia izan zen kronologikoa izatea, baina beste aukeraketa bat izan zitekeen: animaliaka, sentimenduka... Eta Iñigo Astiz konturatu zen berehala hitz asko daudela elkarrekin lotuta diskoetan eta ezin zirela askatu. Ezin zen “Ametsen eraiste neurtua” jarri 20. orrian eta “Orfidentalak” 40an, zeren “Orfidentalak” aipatzen du “Ametsen eraiste neurtua”. Bai ala bai joan behar zuten dauden moduan. Nik diskoka idazten dut.

Ezustean hartu zaitu jarraitutasun horretaz ohartzeak?

Kontziente nintzen. Diskoetan niretzat errekurtso bat da esaldi batzuk abesti desberdinetan errepikatzea eta garatzea.

Liburu batean jartzean galdera sortzen da: kantak ala olerkiak? Poemak bezala irakur daitezke? Edo kantak direla erreibindikatzen duzu?

Nik beti erreibindikatu dut kanta izatea. Askotan esplikatu dut hau: niretzat garai batean kalitate edo erreferentzia baten adierazlea izan da poesia. Hemen poesia kantatzeko tradizio handia dago, eta kantautoreak saiatu gara horrelako abesti poetikoak egiten. Nik errekonozitzen ditut nire abestigintzan eta, horregatik, nire ustez niregan badago despoetizazio bat. Metaforizazioa beti dago nire diskoetan, baina nik, nire intuizioaren arabera, hau ez baita zientzia bat, eboluzio bat bilatu dut. Ez dakit lortu dudan, baina bilatu dut eboluzio hori. Esaterako, “Aztarnak”, niretzat poema bat da eta poema egitura du («Desertu erdian bale/ eskeleto bat da behin / itsasoa han izan zeneko aztarna bakarra», “Habia” diskoa). Momentu horretan bilatuta horrela idatzita zegoen kanta da, eta arriskutsua da, zeren nik orain ez dakit horrelako abestia egingo nukeen. Poema on batek ez du kanta on bat bermatzen eta kanta on bat izan daiteke bi-hiru esaldi, testu batean ez dutena ezer esaten, baina kantuan bai. Sinisten dut abestia genero bat dela. Literaturako irakaslea naiz, eta ikasten den lehen genero literarioa kantutegia da, galego-portugesak edo Al-Andalusekoak. Kantutegi horrek dauka bere logika propioa, bere estrofa-estribilloa, bere errepikapena...

Letra apartak dituzu. Esateko modu bat oso zurea.

Bila ibili naiz eta ari naiz. Nik uste dut, harrokeriarik gabe, esan dezakedala badaukadala zera propio bat, bilatu dudala ahots propio bat, begirada bat nahi baduzu.

Gaztelaniaz nola «entzuten» duzu zure ahotsa? Zure lehen diskokoak, gaztelaniaz ez zaizkit hain ilunak iruditu. «Argitsuagoak» dira.

Baliteke. Baina orain itzuli ditut, eta itzultzean badago orain 25 urte esaten nuena eta baita badago ere esan nahi nuena: ‘Hau esaten dut baina hau esan nahi nuen’. Egon daiteke errektifikazio bat ere.

Lizentziarik ez al duzu hartu?

Ez hainbeste. Lizentzia metrikoak hartu ditut. Saiatu nintzen euskarazko estrukturan sartzen gaztelaniazko hitzak eta elipsi asko egin behar zenituen; eta gelditzen zen oso kriptiko-poetikoa, jasoagoa oraindik euskaraz baino. Gustura itzuli ditut, baina kontziente izanik ez naizela itzultzailea. Nire irizpideen arabera egin dut, eta Asun Garikanori eskatu diot azken begiratua.

Aldaketa asko egin al ditu?

Ez asko, baina pertinenteak.

Interesgarria izango da orain ikustea zein motako feed back-a duen liburuak gaztelaniazko irakurlerian.

Nik ez dut espero inongo... Ardatza argi daukat hemen daukadala, eta gero itzultzen dituzu hitzak eta beti datorkizu Espainia; baina niretzat bada ere Euskal Herrian hainbeste denboran jarraitu nauen eta euskaraz ez dakien jendea. Niri buruz idatzitako lehen artikulua, diskoa atera aurretik, Pablo Cabezak egin zidan. Bi orriko artikulua, hitz bat ere ulertu gabe. Badago publiko bat letrak ulertzen ez dituena, eta Euskal Herrian badago ere jende hori; eta bestetik esaten duzu Madrilen egongo dira bost zale, baina egongo dira Argentinan bi edo hiru... Horrek zabaltzen zaitu munduko salbuespenetara. Gaztelania da mundu mailako hizkuntza bat, ez delako bakarrik Madril, eta hori ere ederra da. Gaztelaniaren hiru plano daude hemen: bat, hemen ezagutzen gaituztenak eta beti hemen egon direnak; beste bat da Espainia, nahi baduzu; eta beste bat, Latinoamerika.

«Gari eta goroldiozko» irakurtzen ari naiz. Ez da erraza, dentsoa da...

Exijentea, intentsoa... Feed back oso ona jasotzen ari naiz, baina kontziente naiz ez dela liburu erraza. Niretzat poesia da, idatzita prosan. Zizelka poetikoa du, erritmo poetikoa dauka. Liburu hau Anariren 120 orrialdeko abesti bat bezalakoa dela diote. Gustura nago. Kontziente naiz bakoitzak leku desberdinetik irakurtzen duela, abestiekin gertatzen den bezala. Bakoitzak jartzen dio bere partea, bere esperientzia, eta horrek ematen dizu testua aberastea.

LAS CANCIONES Y EL UNIVERSO DE ANARI, TRADUCIDOS AL CASTELLANO

“Demoliciones controladas” es el título de esta rara avis en forma de libro editado por la editorial de Logroño Pepitas de Calabaza, con prólogo de Bernardo Atxaga. Un recorrido por los once títulos, entre discos y singles, de Anari, una de las voces y plumas más personales de nuestra música. Además de dar a conocer sus letras al público en castellano, también sirve como recopilación de las de euskara. El viaje va desde aquel primer “Anari” (Esan Ozenki, 1997) hasta el single más reciente de todos, “Orain entzungo duzun hau” (Bideuts, 2021).A.E.