GERNIKA

Bosgarren lekua sendotu du Kanaria Handian

A.G.

Kanaria Handiaren aurka 59-61 nagusitu ostean, Lointek Gernika Bizkaiak bere bolada ona egonkortu du eta, horrez gain, Endesa Ligako bere bosgarren postua ere bai. Montañanaren taldeak 15-11ko balantzea dauka eta bere atzetik doan Cadi La Seu taldeari bi garaipeneko aldea ateratzen dio Fase Erregularra amaitzeko lau jardunaldiren faltan.

Aurreneko erdian partida kontrolpean izan zuen talde gernikarrak. Julie Wojtak orduan sartu zituen bere 11 puntuak eta atsedenaldirako 23-37 nagusi ziren bizkaitarrak, Sika Kone eta enparauak kontrolpean zituela, itxura batean.

Hirugarren laurdenean dena aldatu zen, ordea. Kanariarrek 21-11ko partziala lortu zuten eta Sika Kone hegal-pibota -22 puntu eta 16 errebote Maliko jokalariarentzat- partidaren jabe egiten hasi zen. Sandra Ygueravide eta Laura Spreaficoren hirukoek mantendu zuten Gernikako taldea markagailuan aurretik, baina azken jokaldian, markagailua 59-61 zegoela, baloia Kanaria Handiarentzat izan zen.

Defentsa lan gogorra egin zuten bizkaitarrek eta Nesbitt antolatzaileari jaurtiketa ezeroso bat bakarrik egiten laga zioten. Honek kale egin zuen eta, hala, bizkaitarrek, kostata, garaipena bermatu zuten.

ZORTZI ONENAK

Uneotan Lointek Gernika Bizkaia da Emakumeen Ligako zortzi onenen artean dagoen euskal talde bakarra.

Zortzigarren doan Barçarekin berdinduta, Araski bederatzigarrena da eta IDK Euskotren, berriz, hamabigarrena.