Zuriñe IGLESIAS
TOLOSA
Entrevue
ITXASO AZKONOBIETA
Orioko arraunlaria

«Gure lana uretan ahalik ondoen islatzea izan behar du helburuak»

Hamabigarren sasoia egingo du Azkonobietak (Orio, 1997) bere herriko taldean. Urteak joan eta urteak etorri, zalantzarik gabe erantzuten dio entrenatzailearen deiari: «Bai, bai, hasiko naiz». Multzoan mugimendu askorik izan ez badute ere, arraunlariak dio beti dela «zaila urte berri bati ekitea». Klubaren arrakastaren gakoetako bat harrobia dela adierazi du.

(Andoni CANELLADA | FOKU)

Oriotarra da Itxaso Azkonobieta eta «horia da» haren kolorea, baina hitzordua Tolosan jarri du, han lan egiten baitu. Ez du entrenamendurik eduki, eta lasai hitz egiteko tartea izan du. Hamabigarren sasoia egingo du txalupa horian, eta iazko denboraldi biribilaren ondoren -Euskotren Liga irabazi zuten hamabi banderetatik 11 astinduta, eta Kontxako Bandera ere lortuta-, ez du emaitzez hitz egin nahi, «urte bakoitza desberdina» delako. Hala ere, Azkonobietak aitortu du «urtero bezala, denaren bila» joango direla, eta irabazten badute, «zoragarri».

Nola doa denboraldiaurrea? Esan ohi da negua gogorra izaten dela arraunlarientzat.

Arraunlarientzat negua da garairik gogorrena, nahiz eta lehiaketak presio hori eman eta udara alde horretatik gogorragoa izan. Neguak txarra du entrenamenduak oso luzeak direla, askotan bakarrik entrenatu behar duzula, eta batez ere psikologikoki gogorra izaten dela denbora asko egon behar duzulako horretan. Hala ere, errutina baten barruan nahiko erraz eramaten dugu.

Lau traineru jaitsiera garrantzitsu jokatu dituzue. Zer sentsazio izan dituzue?

Neguan sentsazioak aurkitzea zaila izaten da, gehiago talde handia garenean, eta horrek eskatzen duenean tripulazio oso desberdinekin sentsazio ahalik eta hoberenak topatzea. Ikusi da Donostiarra indartsu dagoela, eta badakigu Arraunek [Lagunak] Orion erakutsi duen maila ez dela erreala, eta kontziente gara horretaz. Oraindik traineru askok salto handia emateko esperoan gaude. Azkenean neguak hori du: entrenamenduko kargari dagokionez, bakoitza aste jakin batean aurkitzen da, ez dakizu besteak nola entrenatzen ari diren, eta parez pare jarri arte ez dakizu talde bakoitza nola iritsiko den udarara. Beraz, neguan gertatzen denarekin ez gara geratzen.

Aurten multzoan ez da mugimendu askorik egon. Hori abantaila bat da zuentzat?

Beti da zaila urte berri bati ekitea, baina bai da garrantzitsua taldea mantentzea urte batetik bestera. Batez ere emakumeetan ikusten da askok ez dutela jarraitzen, eta urtero utzi izan dute taldea zenbait arraunlarik. Aurten bat bakarra joan da, eta hori positiboa da arraunlariak elkar ezagutzen dugulako, eta lana elkarrekin eginda dugulako. Hala ere, berriz ere lanketa handia egin behar dugu, joan den urteko lanak balio arren, denak zerotik hasten garelako. Ez dago sekreturik: lana, lana eta lana. Ea udaran lan horren emaitza islatzen den.

Patxi Frances prestatzaileak bigarren urtea egingo du taldean. Nola moldatzen zarete?

Zorte handia izan dugu entrenatzaileekin. Xantirekin [Zabaleta] egin ditugun sei urteek asko balio izan digute arraunlari bezala hezteko, eta Patxi [Frances] ere momentu klabean etorri zen, Xantik uztea kolpe gogorra izan zelako taldearentzat. Patxi entrenatzaile bezala edukitzea sekulakoa da, daukan esperientzia, bai entrenatzaile bai arraunlari bezala, paregabea da, eta asko eman dio taldeari. Berarekin oso gustura gaude, haren lan egiteko modura oso ondo moldatu gara, baita bera gurera ere. Giro oso-oso ona dugu, eta horrela lan egitea eta urtea aurrera eramatea errazagoa da.

Zein izango dira aurtengo helburuak?

Gure lana uretan ahalik ondoen islatzea izan behar du helburuak. Emaitzez ez dut hitz egin nahi, urte batetik bestera asko aldatzen direlako gauzak. Iazkoa lortzen badugu, ezin hobeto. Baina ez badugu eskuratzen, eta buruan hori besterik ez badugu, frustrazioak blokeatu egingo gaitu. Xedea izango da ahalik ondoen lan egitea, estropadetan gustura geratzea, taldearekin disfrutatzea; eta disfrutatze horretan irabazten badugu, zoragarri. Denaren bila goaz, iaz eta urtero bezala.

Euskotren Ligan zortzi ontzi ariko zarete, bandera nork astinduko lehian. Horrek lehiakortasuna handituko du?

Probatu arte ezin jakin zer ekarriko duen ligan zortzi ontzi egoteak. Iruditzen zait pausoa ematea ondo dagoela, baina ez dakit momentu onean eman den. Esan bezala, nesken taldeek gorabehera dezente izaten dituzte, eta ez dakit oinarriak benetan ondo finkatuta dauden urrats hori egiteko. Arriskatu nahi izan da, eta agian ondo aterako da, baina hori ikusteko dago.

Azken bost urteetan Orio gorengo postuetan egon da. Harrobiaren aldeko apustua izan da arrakastaren giltza?

Noski. Azkenean goi mailako talde batean harrobia garrantzitsua da. Orion harrobiaren aldeko apustua egin da, nahiz eta beti egon diren fitxaketak. Etorri direnek ere indar handia eman diote taldeari. Uste dut denaren arteko kohesioa izan dela giltza. Harrobia asko zaindu da, eta horren erakusle da oraindik neska dezente gabiltzala taldean eta oraindik gehiago etorriko direla. Traineru honek jarraipena edukitzeko, lehen taldera iristen direnek jarraitzeko prestutasuna eduki behar dute, eta klubak hori zaindu behar du. Azkenean dena da garrantzitsua: harrobia, kanpotik iristen direnak, talde giro ona izatea, eta denok elkarri ahalik eta modu positiboenean eragitea.

Atzera begira, gogo aldetik adinak eragiten al du denboraldia hastean?

Oraindik gaztetzat dut neure burua [barreak]. Errutinan parte bihurtu da arrauna, denboraldia amaitzean atseden hartzen dut, eta epea datorrenean berriz hasteko, entrenatzailearen deia jaso orduko esaten diot: «Bai, bai, hasiko naiz». Oraindik ez da iritsi momentua asko pentsatu behar izan dudana hasi edo ez hasi. Urte hauetan ez zait burutik pasatu arrauna uztea.