GARA
BILBO

Tourra «bilbotarren mesedetan» jar dezala eskatu dio EH Bilduk Udalari

Mozio baten bidez, Tourraren irteera ekitaldiaren testuinguruan zenbait mekanismo martxan jartzeko eskatu dio Bilboko EH Bilduk Udal Gobernuari, besteak beste, etxebizitzen alokairuen espekulazioa saihesteko eta lan baldintzak bermatzeko.

Asier Gonzalez eta Jone Goirizelaia, Bilboko EH Bilduko zinegotziak.
Asier Gonzalez eta Jone Goirizelaia, Bilboko EH Bilduko zinegotziak. (Jaizki FONTANEDA | FOKU)

2023ko Tourra Bilbon hasteko ehun egun falta direnean, Bilboko EH Bilduk martxoko Osoko Bilkuran eztabaidatzeko mozio bat erregistratu du, ekitaldi hau modu «arrakastatsuan» egin dadin eta «arlo guztietan onurak sor ditzan».

Mozioaren bidez honakoak eskatzen ditu EH Bilduk: «Beharrezkoak diren mekanismoak ezartzea etxebizitza turistikoen legezkotasuna kontrolatzeko eta bereziki prezioen igoera indiskriminatua saihesteko, lan eskubideak bermatzeko, jarrera sexistak saihesteko eta Tourrak ematen digun aukera aprobetxatzeko Euskal Herria nazio bat dela erakusteko».

Jone Goirizelaiak atzo ekimen honen berri eman zuen, Asier Gonzalez zinegotziarekin batera eskaini zuen prentsaurrekoan. Azaldu zutenez, ekitaldi hau ospatu baino zortzi hilabete lehenago, 2022ko azaroan, 6.200 euroren truke alokatzen ziren apartamentuak Alde Zaharrean; eta aurtengo otsailean, erreserba atarietan eskainitako pisu turistiko asko 4.000 eurotik gorakoak izan dira, Bilbon gaua pasatzeagatik Tourraren bezperan, eta baten bat 8.251 eurora arte heldu da.

«Zifra horiek guztiz neurrigabeak dira, eta horri gehitu behar zaio arautu gabeko edo legez kanpoko etxebizitza turistikoen iragarkien kopurua %59 hazi dela azken urteotan», gaineratu zuten.

Horregatik, mozioaren bidez, Lakuako Gobernuari, Bizkaiko Aldundiari eta Bilboko Udalari eskatuko die, «bakoitzak bere eskumenen arabera, etxebizitza turistikoen eskaintza eta horien legezkotasuna kontrola ditzala, ezkutuko ekonomia, prezioen gorakada indiskriminatua eta lortutako etekina ezkutatzeko arriskua saihesteko».

Lan baldintzak

Tourra dela eta, BilbaoEkintzak udal erakundeak zenbait enpresa kontratatutako ditu zerbitzu desberdinak eskaintzeko, eta EH Bilduk «ezinbestekotzat» jo du Tourrarekin lotutako jarduerak egiten dituzten enpresek kontratatutako pertsonen lan baldintzak berma ditzaten mekanismoak jartzea, «lan prekaritatea, gehiegizko kontratu klausulak eta generoagatik diskriminazioa saihestuz». Hain zuzen, Udalak sustatutako beste ekitaldi batzuetan, esaterako BBK Liven, langileek lan baldintza txarrak sarritan salatu dituztela gogoratu du EH Bilduk.

Era berean, Bilboko gobernu taldeari galdegingo dio Tourrari lotutako propagandan eta ekitaldietan eduki sexista duten irudiak ez erabiltzeko eta gorputz aniztasuna sustatzeko.

Euskal nortasuna

Azkenik, EH Bilduk gobernu taldeari eskatuko dio Tourraren inguruko ekitaldi guztietan «euskararen erabilera berma dezan, Bilbo Euskal Herriko hiria dela adieraz dadila, eta herri gisa dugun nortasuna nabarmendu dadila, herri gisa identifikatzen gaituzten elementuei ikusgarritasuna emanez».

«Europan eta munduan nazio bat garela erakusteko aukera eskaintzen digu Tourrak. Ezin dugu alferrik galdu gure kultura eta historia erakusteko aukera handi hau», nabarmendu zuen EH Bilduk atzoko prentsaurrekoan.