Asier ROBLES
BILBO

Aberri Egun bateratua sustatuko dute apirilaren 8an Donostian

«Bagara, badugu» lelopean, Aberri Eguna ospatzeko deia egin die Euskal Herria Batera ekimenak euskal eragile sozialei, politikoei eta sindikalei, apirilaren 8an Donostiako Miramar jauregian. «Aurrera egiteko prest dagoen herri bat badela» aldarrikatuko dute.

Euskal Herria Bateraren agerraldia.
Euskal Herria Bateraren agerraldia. (Aritz LOIOLA | FOKU)

Aurtengo Aberri Eguna modu bateratuan ospatzeko ekitaldia aurkeztu zuen atzo Euskal Herria Batera ekimenak. Bilboko Done Bikandi Plazan, 1932ko lehen Aberri Eguna bukatu zen toki berean, Estitxu Garaik eta Ibai Zabalak aurtengo ekitaldiaren nondik norakoak azaldu zituzten.

Garaik gogoratu zuenez, 2020ko Aberri Egunaren testuinguruan sortu zen ekimen herritarra da Euskal Herria Batera. Urte hartan, covid-19aren pandemiaren ondorioz etxean konfinatuta geundela, Euskal Herri osoan aldi berean eta modu bateratuan ospatzeko deialdia egin zuten arlo ezberdinetako hainbat herritarrek. Bakoitzak bere etxetik euskal ikurrak atera zituen eta musika jarri zuen.

2021ean, oraindik pandemiaren testuinguruan, Aberri Eguna berriz ere batera ospatzeko deialdia egin zen, baina orduan herri guztietako plazetan. 2022an, pandemiako segurtasun neurriak atzean utzita, bateratasunean jarri zuten indarra eta Aberri Egunaren bezperan ekitaldia egin zuten Urruñan, Antton Abadiak 1851n bultzatutako lehen Lore Jokoak ospatu ziren toki berean.

«Aberri Eguna beti izan da ospakizun egun bat euskal herritarrentzat. Euskal komunitatearen ospakizuna da, askotariko emozioak sortzen dizkiguna eta elkartzeko baliatzen duguna», nabarmendu zuen Zabalak.

Aurten, sentipen horri berari jarraituz, ekitaldi bat antolatzea erabaki dute ‘Bagara, badugu’ lelopean, apirilaren 8an, Aberri Egunaren bezperan. Donostiako Miramar jauregian izango da, goizeko 11.00etatik 12.30era arte. Izan ere, Maitea Frontoiko Aberri Egunaren 90. urteurrena oroitzeko hautatu dute aurten Gipuzkoako hiriburua.

«Gure asmoa, berriro ere batzen gaituenarekin hitzordu bat izatea da, eta ez banatzen gaituenarekin. Hemen aurrera egiteko prest dagoen herri eta komunitate bat badela esateko hitzordua. Euskal Herria egunez egun eraikitzen duten pertsonak daudela gizartearen esparru askotan», esan zuen Zabalak.

Horregatik, Euskal Herri osoko eragile sozialak, politikoak eta sindikalak gonbidatu dituzte ekitaldira, baita kulturgileak, akademikoak eta kirolariak ere. «Aberri Eguna elkarrekin ospatzea eta euskal herritarren irudi bateratua eskaintzea da gure nahia», gehitu zuen Zabalak.

Horrez gain, aurreko urteetako espirituari jarraiki, bestelako keinuak bultzatu nahi ditu Euskal Herria Batera ekimenak, hala nola euskal ikurrak etxeetan jartzea. «Badugulako harrotasuna, bagarelako euskaldunak eta Aberri Eguna ospatu nahi dugulako», adierazi zuen Garaik atzoko agerraldian. Gainera, euskal diasporan ere beste ekimen batzuk bultzatuko dira.

Datozen egunotan xehetasun gehiago emango dituzte.