GARA
BILBO

Gorka Lupiañez, torturak eta hurkoen istripua jasandakoa, aske da baldintzapean

Gorka Lupiañez preso durangarrari baldintzapeko askatasuna onartu diote, Etxeratek asteazkenean aditzera eman zuenez.

Badira hamabost urte baino gehiago Guardia Zibilak Berrizen atxilotu zuela, eta epaileak espetxeratu. Tortura larriak salatu zituen eta horiek egiazkoak zirela onartu zuen Nazio Batuen Erakundeen Giza Eskubideen Batzordeak 2019. urtean. Oso gutxitan gertatu izan da hori.

Bilboko La Salve polizia-etxean eta Madrilgo kalabozoetan gertatu ziren tortura haiek, Guardia Zibilaren eskutik, eta besteak beste bortxaketa eta eguneko 50 «poltsa» saio baino gehiago zerrendatu zituzten, aipatutako batzordeak ontzat emandako lekukotasunaren arabera.

Giza Eskubideen Batzordeak atxilotutako pertsonei inkomunikazio aldia ezartzeari uzteko eskatu zion Estatu espainiarrari, egoera horiek torturarako testuinguru larriak ahalbidetzen zituztela argudiatuz.

Urruntzea eta istripua

Beste ehunka presori bezala, urruntzea aplikatu zitzaion, eta horren ondorioz Salamancako Topaseko espetxean zela, 2016. urtean, automobil istripua izan zuten hura bisitatzera zihoazen lagunek, haietako bat adin txikikoa.

Azken urteotan Gobernu espainolak abiatutako Euskal Herriratze prozesuaren testuinguruan, 2020. urtean Topasetik Logroñora lekualdatu zuten Lupiañez, eta 2021eko abenduan Martutenera hurbildu zuten. Etxerat elkarteak nabarmendu zuenez, 2022ko maiatzean hirugarren gradua eman zioten. Orain, baldintzapeko askatasuna onetsita, ez du espetxera itzuli beharko.