GARA
BAIONA

Baionako manifestaldian negar-gasa erabil izana salatu du LABek

LABek gogor kritikatu du Polizia frantsesak ostegunean Baionan izan zuen jarrera. Atzo prentsa oharrean nabarmendu zuenez, Emmanuel Macron presidentearen «erretretaren erreforma bidegabearen aurka mobilizatu diren manifestariak gaseztatu ditu».

«Manifestazioan haur, adindun edo mugikortasun urriko pertsona asko zeuden», gaineratu zuen eta gertatu zena «onartezina» dela nabarmendu. «Gure karriketan segurtasun eta lasaitasun osoz, lankideen eta lagunen artean, familian manifestatzearen eskubidea defendatzen dugu, egunetik egunera Poliziaren aldetik gehiegizkoagoa den indarkeria jasan behar gabe», adierazi zuen.

Sindikatuak azaldu zuenez, manifestazioaren ondoren, Polizia frantsesak hainbat atxiloketa egin zituen, «bortizkeria handia erabiliz». «Gainera, AEKren lokalean sartu dira eta miatu egin dute, manifestarien bila», ohartarazi zuen.

Egoera honen aurrean, LABek sostengua adierazi die gaseztatuak eta atxilotuak izan zirenei, baita AEKko langileei ere.

Poliziaren jokabidea salatzeko atzo Baionako polizia-etxearen aitzinean eta Donibane Garaziko Herriko Etxearen aurrean deituriko elkarretaratzeetan parte hartzera ere dei egin zuen.

«Macronen munduaren aurka mobilizatzen segi dezagun! Segi dezagun borrokan!», adierazi zuen sindikatu abertzaleak.

EHZ Festibalak, bere aldetik, agiri bat plazaratu zuen, esanez bederatzi pertsona atzeman zituztela Baionan, eta horietatik bi jaialdiaren laguntzaileak direla.

Prefeturak lau atxiloketa baieztatu zituen ostegun arratsaldean.