Julen MURGOITIO

Noizko Gobernantza Eguna?

Kargatuta etorri da astea, egutegiarentzat behintzat. Egunero-edo izan da zerbaiten nazioarteko eguna. Nire buruaren alde freskoa gogoan Urak, Meteorologiak eta Basoek sikiera izan dute eguna; hori bai, bakoitzak bere aldetik, badaezpada! Nire ume garaian santuek hartzen zuten egutegiko egunekoa; gaur, ostera, santurik apenas den santutegian, hori bederen positiboa dela!

Total, noizko inbasioen nazioarteko eguna? Iraganeko legezko haiek eta gaur egungo ez-legezko hauek, baina eguna, demontre! Nonbait irakurri dut 20 urte bete direla egunotan Irakeko inbasioa hasi zutenetik, kanpokoek inbaditu, jakina! Badakizu, suntsipen masiboko armen kontu hura. Eta 20 urte pasatuta hiltzeko armagintza oso osasun onean ei da, krak egiteko arriskurik batere ez, kanpoko merkataritzan indartsu… hortaz, nazioarteko eguna merezi, baietz! Portzierto, Azoreetako antizikloia izan zen inbasio humanitarioak izan zuen albo-kalteetako bat, garaiko albistegietan leku gehiago hartu baitzuen argazki okaztagarri hark antizikloiarenak baino.

Tira, harira! Kolpea gero, lehengoan irratian entzuna! Gure beheko Estatuko Konstituzional zer horrek ontzat eman du hango Eutanasia Legea. Ebazpenaren arabera, “pertsonaren autodeterminazio eskubidea” babesten du legeak, “hiltzeko momentua libreki eta kontzienteki hautatzeko” bidea emanez. Hau ostia dok/n! Irak/n! Estatu horren nortasun agiri behin-behinekoa izanda, azkenik onartu egin zait autodeterminazio eskubidea, nire bizitzaren azkeneko momentuan gauzatzeko bada ere. Orain, han eta hemen, eskubide hori bizitzaren aldi guztira zabaltzea da kontua. Eta horrekin batera, gobernantzaren izenean, autopsiaren unean mahaiaren gainean egoteko eskubidea izatea, boza eta abotsa. Hortaz, noizko gobernantzaren eguna?