GARA
IRUÑEA

Poloaren amaierak ziurgabetasuna piztuko du bi urtez VW Nafarroan

Landabeneko ikur nagusia izan den Polo modeloa fabrikatzeari utziko diote 2024an, eta horrek ziurgabetasun handia sortuko du gutxienez 2026ra arte. Urte horretan auto elektriko berrien ekoizpena martxan jartzeko konpromisoa du enpresa alemaniarrak.

Volkswagenen lantegia, Iruñeko Landabenen.
Volkswagenen lantegia, Iruñeko Landabenen. (Iñigo URIZ | FOKU)

Volkswagen Nafarroako lantegian Polo modeloaren ekoizpena urtebetean eteteak bi urteko ziurgabetasuna sortuko du Landabenen, 2026an lehen auto elektrikoa fabrikatzen hasi arte. Bi urte luzez, ekoizpena asko murriztu beharko du fabrikak, eta horrek kezkak sortu ditu langileen artean.

Carlos Zalduendo CCOOko langile batzordeko ordezkariak horrela aitortu zion atzo Efe agentziari, zuzendaritzak aspalditik estraofizialki ezaguna zena baieztatu ostean: 40 urteren ondoren, Polo modeloa ez da gehiago fabrikatuko Nafarroan 2024tik aurrera.

Azken urteetan T-Cross eta Taigo modeloak ere ekoiztu diren arren, Landabeneko fabrikaren iruditeria, baita langileena ere, Poloari lotuta dago. «Nolabaiteko nostalgiaz onartzen dugu, batez ere fabrikan urte asko daramaten langileek. Poloak eman digu jatekoa», esan du sindikalistak.

Hitzartutako auto elektrikoaren ekoizpena, ordea, ez da 2026. urtera arte iritsiko, eta, enpresaren arabera, ekoizpena murriztea ezinbestekoa da lantegia bera ekoizpen prozesu berrira egokitzeko. Lanak 2024an hasiko dira.

«Orain impasse batean gaude», azaldu du Zalduendok. Edonola ere, garbi esan du litekeena dela «2024ko udan eta neguan geldialdi handiak izatea fabrikan, eta astean egun batez, ostiraletan adibidez, ixtea». Horren aurrean, batzordeak «egoera hori arautuko duten mekanismoak bilatzeko eta behar ditugun konponbideak bilatzeko» konpromisoa hartu du, CCOOko ordezkariak esan duenez. Hala eta guztiz ere, baikortasunez ikusten du 2026tik aurrerakoa.