GARA
DONOSTIA

Ikastolen Elkartea: «Ez ditugu ikasleak beste zentro batzuetara bideratuko»

Aurtengo aurrematrikulazioan, ustez oreka hobea lortze aldera Lakuak jarritako irizpideak ez direla betetzen ari salatu du Ikastolen Elkarteak. Eta erronka ere bota dio: «Matrikula eskaera egin duten ikasle guztiei eusteko konpromisoa hartzen dugu». Irakaskuntza publikoan ere ez daude guztiz konforme.

Bildarratz sailburua, Markel Olano ahaldun nagusiarekin hizketan, Gipuzkoako ikastolen iazko jaian, Ibarran.
Bildarratz sailburua, Markel Olano ahaldun nagusiarekin hizketan, Gipuzkoako ikastolen iazko jaian, Ibarran. (Gorka RUBIO | FOKU)

Liskartsua gertatzen ari da aurrematrikulazio prozesua EAEn, hezkuntza akordioaren ostean Lakuak jarritako irizpide berrien ondoren, ikastetxe publiko eta pribatuen artean ikasle banaketa egokiagoa lortzeko helburuz, segregazioaren arazoa begi bistakoa delarik. Atzo ezohiko batzarra egin zuen Ikastolen Elkarteak Araba, Bizkai eta Gipuzkoako zentro guztiekin egoera baloratzeko, eta hau adierazi zion Jokin Bildarratz buru duen Hezkuntza Sailari: «‘23/24 ikasturterako ikasleen onarpenerako aginduan’ ezarritako oinarriko irizpideak ez dira betetzen ari», eta gauzak honela, «ikastoletan matrikula eskaera egin duten ikasle guztiei eusteko konpromisoa hartzen dugu, ez ditugu beste zentro batzuetara bideratuko». Bere esanetan, «joko arau ezberdinak» izaten ari da Hezkuntza Saila ikastetxeekin.

Zaurgarritasun egoeran diren ikasleen auziari heldu zion Ikastolen Elkarteak. Gako nagusia bilakatu da, aurretik iragar zitekeen bezala. «Zaurgarritasun tasa finkatzeko prozesuaren gardentasun falta azpimarratu nahi dugu». Lau arrazoi aipatu zituen: «Familiek aurrematrikulazio prozesuan bete dituzten galdetegiak baloratzeko unean erabilitako irizpideak ez ditugu ezagutzen; familien fluxuaren prozeduraren nondik norakoak ere ez; ez ditugu ezagutzen ikastola bakoitzaren eragin eremuko beste ikastetxeen zaurgarritasun tasak; eta ikastetxe bakoitzean (ikastola saretik kanpo) barematu beharreko ikasle edo familia kopurua ere ez dugu ezagutzen».

Hau guztia dela eta, «familien fluxua ez da modu orekatuan egiten ari», ondorioztatu zuen Ikastolen Elkarteak. «Hezkuntza Sailak behin eta berriz adierazi du matrikulazio prozesua amaitzerako garaian ikastetxe batek onartu ezin izan dituen ikasle kopuru bera jasoko duela beste ikastetxe batetatik. Jakin badakigu hori ez dela horrela gertatu gure ikastoletan, eta, kasu askotan, jasoko diren baino ikasle gehiagori irteera ematea eskatu dela», zehaztu zuen.

Oharrean ez da honen aipamenik egiten, baina Zarauzko ikastolan honengatik gurasoen protestak gertatu direla aipatu zuen EiTBk.

Honen aurrean zenbait erabaki iragarri zituen batzarrak. «Familiek aurrematrikulazio prozesuan bete dituzten galdetegiak baloratzeko erabilitako irizpideak publikoki argitaratzea» eskatzen zuen, errekurtsoak aurkeztuko dituztela aurreratu zuen, eta honako hau erantsi: «Familien fluxua gertatzen den garaian gure ikastoletan libre geratu diren plazak ez badira betetzen, aurretik matrikula eskaera egin zuten familiekin osatuko ditugu. Hau da, ikastola bati dagozkion ikasleak (izan zaurgarriak ala ez) etortzen ez bazaizkio, matrikulazio kopuruak bertan aurrematrikula egin duten eta baremazioaren ondorioz kanpoan geratu diren familiekin beteko ditugu».

EHIGE: «EZ DA LORTUKO»

Ikastolen Elkarteak salaketa gogor hau egin arren, hezkuntza publikotik ere zenbait kexa heldu da, aurrematrikulazio prozesu berrituaz.

Honetaz gain, aurretik jada «segregazioari aurre egiteko neurriak eskasak direla» salatu zuen EHIGEk, hezkuntza publikoan diharduten gurasoen elkarteak biltzen dituen erakundeak. «Lehen aldiz funts publikoen bidez finantzatutako ikastetxe guztiek 2 urteko ikasle zaurgarrientzako plazak gorde beharko dituztela» onartu zuen ohar batean, baina hori gero ez dela ondo arautzen salatu zuen.